Elizondorako sarreran herritarren erabakia errespetatuko duela jakinarazi du Udalak

TTIPI-TTAPA 2013ko martxoaren 15a

Zubia egin beharko litzateke, «baina UPNren gobernuak hori gibeleratu du»

Udal gobernua osa­tzen duten taldeek adierazi dute saihesbidetik Elizondoko sarbiderako aferean elizondarrek erabakitzen dutena erres­petatuko dutela. «Ez dugu inongo arazorik Baztan Berriko ada­rra hetsia kontzeko edo irekitzeko. Herritarrek erabaki beharko dute hori, ekartzen ahal dituen ondorio guztiak ongi baloratuta».
 
Alde horretatik, Ba­lleko Etxetik jakinarazi dutenez, Elizondorat Baztan Berrin barna sartzeko aukera 2012ko ekainaren 15ean egin zen Elizondoko batza­rre­an solastatu zen, ehun bat herritarrek parte hartu zuten eta «zubia egin artio Baztan Berriko sarrera ez irekitzeko erabakia hartu zuen autoen, kamioien eta autobusen sarrerak eraginen lukeen arris­kuarengatik eta auzoko karrika estuetarat eka­rriko lukeen pilaketarengatik». Saihesbidearen Eli­zon­doko sarreraren kon­­tua afera konplikatua dela onartzen du udal gobernu taldeak, «berez Elizondora sar­tzeko zubia egin beharko litzateke, baina UPN­ren Nafarroako Gobernuak hori gibeleratu du».
 
Diario de Noticias-en argitaratutakoa « Bertan merkatarien elkartearekin etsaitzeko gogoz idatzitako manipulaziotzat» jo dute udal gobernu taldetik, «baina Bertanekin harreman normalizatua dugu, elkarri errespetuz ari gara eta elkarlana bultza­tzen dugu». Alde horretatik, Bertanekin elkarlanean erosketak eta zamalanak egin ahal izateko hemendik guttirat martxan izanen den plana lantzen ari direla jakinarazi dute. Baztan Berri eremurako bar­neko trafikoaren arauketa berria ere egin da eta martxoaren 7tik ai­tzinera indarrean dago. 
 
UPN guzti honetan erakusten ari den «axo­la­gabekeria» ere salatu dute udal gobernu taldeko kideek, «eztabaida konplikatu honetan zentzuz aritu eta lagundu beharrean etekin politikoaren bila bertzerik ez baita ari».
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun