Bertako Haziaren Eguna Elizondon lehen aldiz egin da

TTIPI-TTAPA 2013ko martxoaren 15a

Utzitako argazkia

Otsailaren 23an ospatu zuten Bertako Haziaren Eguna Elizondon. Aurreko edizioetan baino lehenago izan da aurten eta kokalekua ere aldatu dute, Zubietan ospatu izan baita apirila aldean. Mezua jende gehiagorengana iritsiko zelakoan hartu zuten erabakia, baina helburua erdizka bete dela erran liteke, eguraldiak ez baitzuen lagundu. Giro kaxkarraren eraginez, kanpotik «espero baino jende gutxiago» hurbildu zela diote antolatzaileek, baina, bailaratik «jende aunitz» bertaratu zenez, eguna «ongi» joan zela aipatu dute. Goizean, Merkatuko plazan egin zuten hazi trukean, bertzeak bertze, Leitza, Arantza eta Etxa­larko artoa, kalabaza haziak, ilarrak... trukatu zituzten. Eguerdian egindako mahai ingurua «arrakastatsua» izan zen, berrogei lagun inguru bildu baitziren Arizkuneneako aretoan. Hiru hizlarik osatu behar zuten mahaingurua, baina bat eri egoteagatik ez zen agertu eta azkenean, Jakoba Errekondo eta Jon Harluxet aritu ziren solasean. Bertaratu zirenen erranetan «hagitz gauza interesgarriak»aipatu zituzten. Ondoren gaztetxean bazkaldu eta Guajiroekin kantuan goxatu zuten bazkalondoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun