Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako Plana martxan paratuko du Baztango Udalak

TTIPI TTAPA 2013ko martxoaren 14a

Emakume eta gizonen aukera berdintasunerako planaren aurkezpena egin zuten martxoaren 13an Balleko Etxean. Utzitako argazkia

Lau urterako lana finkatuko dute eta lehenik egoeraren diagnostikoa eginen da

Egoeraren diagnostikoa egitea izanen da Baztango Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako lehenbiziko plana egiteko lehen urratsa, Udalak martxoaren13an jakinarazi zuenez. Proiektu hau planteatzeko bi arrazoi nagusi daude: lan tresnarik egokiena dela, alde batetik eta dirulaguntza jasotzeko plana egitea ezinbertzekoa dela. Planaren arduradun teknikoa Irune Gaston Ripa izanen da, Udal Berdintasun Teknikari eta Irene Iribarren Garbalena administrari lanetan ariko da.

Egoeraren diagnostikoa egitea izanen da Baztango Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako lehenbiziko plana egiteko lehen urratsa, Udalak martxoaren13an jakinarazi zuenez. Proiektu hau planteatzeko bi arrazoi nagusi daude: lan tresnarik egokiena dela, alde batetik eta dirulaguntza jasotzeko plana egitea ezinbertzekoa dela. Planaren arduradun teknikoa Irune Gaston Ripa izanen da, Udal Berdintasun Teknikari eta Irene Iribarren Garbalena administrari lanetan ariko da.

Baztango Udaleko Berdintasun Arloa 2011an sortu zen eta ondoren, 2012ko abuztuan Nafarroako Gobernuko eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko dirulaguntzen bitartez, berdintasun teknikaria kontratatu zen. Nafarroako 22 Udaletan edo Mankomunitatetan berdintasun teknikaria kontratatua dute gaur egun. Baztanen, orain arte, Berdintasun Zerbitzutik zenbait jarduera (sentsibilizazio kanpainak, ikastaro, solasaldi, antzerki...) antolatu dituzte baina aurten proiektu potoloago baten barnean murgilduta daude, helburuak zehazten eta lehentasunak egiten lagunduko duena, Baztango Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I Plana.

Plana egiteko beharrezkoa dute lehenago Berdintasun Diagnostikoa egitea, hori baita Baztanen argazkia emanen duena, aukera berdintasuna eta parekidetasuna ematen den edo ez den ematen azaleratuz. Diagnostikoak hamaika arlo izanen ditu aztergai: hezkuntza, kultura, kirola, udal administrazioa, parte-hartze politiko eta soziala...

Argazkia osatzean, Plana burutuko da. Honek markatuko du non eta zertan beharrezkoa den lana, berdintasun eza edo diskriminazioak ekiditeko eta zuzentzeko. Berdintasuna modu eraginkorrean lantzeko zeharkakotasuna ezinbestekoa da, horretan ere lagungarria da Plana. Planak hurrengo 4 urtetarako lana finkatuko du. Honekin batera, urtez urte plangintza eginen da, urte horretan Planeko atal batzuk landuz.

Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I Plana eredu bihurtzen da edozein Udal Planerako. Gaur egun 23 Udal Berdintasun Plan indarrean daude Nafarroan. Diagnostikoa eta Plana egiteko, alde batetik, azterketa kuantitatiboa eginen da, dauden datuak aztertuz eta inkestak pasatuz.

Bertzetik, azterketa kualitatiboa eginen da, elkarrizketak eta eztabaida taldeak sortuz. Proiektu honek ahalik eta parte-hartze gehien izan nahi du, hori dela eta, biztanleria parte-hartzera animatu dute, inkestak betetzen, elkarrizketetan parte-hartzen… Ideiak eta ekarpenak ere ongietorriak izanen dira, «ez baitugu inor kanpoan gelditzerik nahi, denon artean egin dezakegulako eta denondako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun