Baztanek ez zuen bisitariei eskaintzeko plano turistiko bat ezta herri guztiak, historia, kultura eta bertzelako intereseko informazioak jasotzen zituen gidarik ere. Izan ere, azken urteotan kale-izendegiak argitaratu baziren ere, horiek ez dituzte jasotzen bailarak turistei eskaini ahal dizkieten interes-gune eta baliabide turistikoak. Baztango Udaleko Turismo eta Merkatariza Batzordean azaldu zen kezka honi aterabidea eman zaio. Dorrea Elkarteak bere laguntza eskaini zion Udalari, bai plano bai gida turistikoa prestatzeko. Hainbat hilabetetako lanaren ondorioz, Dorrea Elkarteak Udalaren esku jarri ditu kalitate artistiko bikaina dituzten plano eta gida turistikoa.
Plano eta Gida Turistiko horiek aurkeztu zituen martxoaren 8an Maite Iturre zinegotziak. Plano turistikoak batetik, irudien bidez erakusten ditu Baztanen bisitatu beharrekoak, eta bertzetik, Elizondoko erdigunea, baliabide kulturalak, turismo aktiboko enpresak, bisita gidatuak eta bertzelako zerbitzuen informazioa eskaintzen du.
Gida turistikoak Baztani buruzko informazio orokorra eskaintzen du (geografia, historia, kultura, gastronomia, produktuak…), eta horretaz gain, herriz herriko informazioa. Dokumentu mardula denez, interneten bidez eskuragai izanen da. Modu berean, Turismo Bulegoan gidaren bertsio multimedia kontsultatu daiteke dagoeneko
Baztango landa-etxe, ostatu, merkatari eta turismoarekin lan egiten duten guztiei dei egin zien Iturrek Turismo Bulegora hurbiltzeko: bertan gida turistiko multimedia ezagutu eta Baztango plano turistiko berria jaso ahal izanen dute, eta modu horretan, Baztan bisitatzea erabaki dutenei zerbitzu hobea eskaini ahal izanen diete.
Turismo Bulegorako seinalizazioa
Bertze aldetik, azken hilabeteetan buruturiko Turismo eta Merkataritza Batzordeetan behin eta berriz azaldu den beharra Turismo Bulegoaren seinalizazioa eta bertan eskaintzen den informazioa hobetzea izan da. Izan ere, Turismo Bulegoa Puriosenea etxean jarri zenean seinale guti batzuk jarri ziren turistak horraino gidatzeko, baina argi ikusi zen seinale horiek ez zirela aski eta oraindik nahasmena zegoela Turismo Bulegoaren aurreko kokapenarekin. Hori dela eta, azken hilabeteotan kotxeendako zein oinezkoendako seinalizazioa nola hobetu aztertzeari ekin zioten Baztango Udaleko Turismo eta Merkataritza Zinegotzigotik. Kasu bietan egiten diren ibilbide ohikoenak identifikatu egin ziren, eta horretan oinarrituta seinale berriak jarri dira. Azpimarratzekoa da hau guztia Udalaren kargu egin dela, Nafarroako Gobernuak ez baitu hobekuntza hau egiteko laguntzarik eskaini.