Baztango udal gobernua osatzen duten taldeek adierazi dute saihesbidetik Elizondoko sarbiderako aferean elizondarrek erabakitzen dutena errespetatuko dutela. «Ez dugu inongo arazorik Baztan Berriko adarra hetsia kontzeko edo irekitzeko. Herritarrek erabaki beharko dute hori, erabakiak ekartzen ahal dituen ondorio guztiak ongi baloratuta».
Alde horretatik, Balleko Etxetik jakinarazi dutenez, Elizondorat Baztan Berrin barna sartzeko aukera 2012ko ekainaren 15ean egin zen Elizondoko batzarrean solastatu zen, ehun bat herritarrek parte hartu zuten eta «zubia egin artio Baztan Berriko sarrera ez irekitzeko erabakia hartu zuen autoen, kamioien eta autobusen sarrerak eraginen lukeen arriskuarengatik eta auzoko karrika estuetarat ekarriko lukeen pilaketarengatik». Saihesbidearen Elizondoko sarreraren kontua afera konplikatua dela onartzen du udal gobernu taldeak, «berez Elizondora sartzeko zubia egin beharko litzateke, baina UPNren Nafarroako Gobernuak hori gibeleratu du».
Diario de Noticias egunkarian argitaratutakoa «udal gobernua osatzen duten taldeak Bertan merkatarien elkartearekin etsaitzeko gogoz idatzitako manipulaziotzat» jo dute, «baina Bertanekin harreman normalizatua dugu, elkarri errespetuz ari gara eta elkarlana bultzatzen dugu». Alde horretatik, Bertanekin elkarlanean erosketak eta zamalanak egin ahal izateko hemendik guttirat martxan izanen den plana lantzen ari direla jakinarazi dute. Baztan Berri eremurako barneko trafikoaren arauketa berria ere eginen du Udalak eta lan gehienskoenak eginak daude.
UPN guzti honetan erakusten ari den «axolagabekeria» ere saladu dute udal gobernu taldeko kideek, «eztabaida konplikatu honetan zentzuz aritu eta lagundu beharrean etekin politikoaren bila bertzerik ez baita ari».