Zinemak ere badu lekua Erratzuko Kultur Elkartearen programazioan eta martxoan emakumeen nazioarteko egunaren karietarat bi dokumental ikusteko aukera izanen da lixutegian, 21:00etan: Digna rabia martxoaren 1ean eta Indomables martxoaren 15ean.
Bertze aldetik, herria xehatu zuen uholdearen mendeurrena beteko da ekainean eta hori gogorarazteko hainbat jarduera prestatzen ari dira elkartean, «dena auzolanaren plantamenduari jarraituz, kultur jarduera herritar, partehartzaile eta autogestionatuak egitea posible dela azpimarratuz; elkarlanaren bitartez jendartearen kultur asetze maila betetzea posible dela erakutsiz». Udazken-neguko ekitaldien balantze ona egin du elkarteak. Iaz hasitako kantu zaharren tailerrak bere horretan segitzen du eta 20 bat lagun elkartzen dira astelehenero kantutegi berria osatu asmoz; ortziral eta larunbateko euskal dantzen tailerrak ere osasun ona erakusten du eta FanfaRonak musika bandako lagunek gaurgero dozenatik goiti emanaldi egin dituzte azken hilabetetan. Amarik gabeko sukaldaritza tailerrak ere arrakasta izan du eta azaroan hasi zenak martxora bitarte iraunen du. Irudi digitalaren trataerako tailerrak ere bere saio kopurua handitu egin du jendearen beharrak asetzeko. Idazleekin solasean ekimenaren baitan Garazi Kamio Anizen eta Ernesto Prat herriko lixutegian izan dira bere lanak aurkezten.