Heldu den apirilaren 21ean Lore Jokoak antolatu behar dituzte Iruritan Dorrea Elkarteak, Baztandarren Biltzarrak eta Baztango Kultura Batzordeak elkarlanean. 1879. urtean Hego Euskal Herrian lehenbiziko aldiz Lore Jokoak Elizondon ospatu zirela gogorarazteko, egun guztiko ekitaldia antolatzeko asmoa dute: laxoa partida, dantzariak, txistulariak, arratsaldean bertso saioa Andoni Egaña eta Uxue Alberdirekin, lehiaketa hartarat aurkeztu ziren poemen errezitaldia…
Bestaz gain, eta 1879. urtean egin zen bezala, literatur lehiaketa ere antolatu dute. Baztandarren Biltzarra izanen da horren arduradun. Literatur lehiaketaren gaia 1879.urteko bera izanen da: Euskaldunen gauzarik maiteena. Martxoaren 22a baino lehen aurkeztu beharko dira lanak Elizondoko Arizkunenean (postaz, Jaime Urrutia karrika 17, 31700 Elizondo) ohiko sistema erabiliz. Baztangoa den edozein pertsonak parte hartzen ahal du. Bi kategoria edo atal izanen dira. Batetik, poesia/olerkiari dagokiona, eta bertzetik, ipuinari dagokiona. Atal bakoitza adinaren arabera ere sailkatuko da, A maila (6-12 urte bitartekoak), B maila (12-18 bitartekoak) eta C maila (18 urtetik goitikoak).
Epaimahaia Baztandarren Biltzarreko kideek osatuko dute eta modalitate bakoitzean, liburuak erosi ahal izateko 50 euroko bonoa izanen da irabazlearendako saria. Sariak apirilaren 21ean banatuko dituzte.