Udazken-neguko ekitaldien balantze baikorra egin du Erratzuko Kultur Elkarteak

TTIPI-TTAPA 2013ko otsailaren 25a

FanfaRonak musika bandak dozenatik goiti emanaldi eskaini du azken hilabeteotan. Artxiboko argazkia

Herria xehatu zuen uholdearen mendeurreneko ekitaldiak ere prestatzen hasi da

Erratzuko Kultur elkarteak, 2012ko jarduerak akituta eta urte berrian sartuta, balantzea egin du. «Aunitz izan dira martxan paratu dugun proiektuak, baita mantendu ditugunak ere» diote bere idatzian.

Erratzuko Kultur elkarteak, 2012ko jarduerak akituta eta urte berrian sartuta, balantzea egin du. «Aunitz izan dira martxan paratu dugun proiektuak, baita mantendu ditugunak ere» diote bere idatzian.

Iaz hasitako kantu zaharren tailerrak bere horretan segitzen du eta 20 bat lagun elkartzen dira astelehenero kantutegi berria osatzeko asmoz; ortziral eta larunbateko euskal dantzen tailerrak ere osasun ona erakusten du eta FanfaRonak musika bandako lagunek gaurgero dozenatik goiti emanaldi egin dituzte azken hilabetetan. Amarik gabeko sukaldaritza tailerrak ere arrakasta izan du eta azaroan hasi zenak martxora bitarte iraunen du. Irudi digitalaren trataerako tailerak ere bere saio kopurua handitu egin du jendearen beharrak asetzeko.

Idazleekin solasean ekimenaren baitan Garazi Kamio Anizen izan zen eta Ernesto Prat herriko lixutegian izanen da otsailaren 26an, astearte arratsaldean, Hiru ilargi laurden bere lana aurkezten.

 

Emakumearen Egunaren karietarat bi dokumental

Zinemak ere izan du lekua Erratzuko Kultur Elkartearen programazioan eta martxoan emakumeen nazioarteko egunaren karietarat bi dokumental ikusteko aukera izanen da: Digna rabia martxoaren 1ean eta Indomables martxoaren 15ean. Biak lixutegian izanen dira ikusgai, arratseko 9:00etan. Ezin ahantzi Erratzuko emaztekien II frontenis txapelketa martxan dagoela eta Gizakundeak bere 15. Urteurrena bete egin duela.

Herria xehatu zuen uholdearen mendeurrena izanen da ekainean eta hori gogorarazteko hainbat jarduera prestatzen ari dira, «eta dena auzolanaren plantamenduari jarraituz, kultur jarduera herritar, partehartzaile eta autogestionatuak egitea posible dela azpimarratuz; elkarlanaren bitartez jendartearen kultur asetze maila betetzea posible dela erakutsiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun