Otsailaren 23an, ospatuko dute Bertako Haziaren Eguna Elizondon. Aitzineko edizioekin alderatuta martxoa eta apirilean egin ordez, otsailera aitzineratu dute. Lekua ere aldatu dute eta horrela «jende gehiagora iritsiko dela mezua» uste dute antolatzaileek. Goizeko 10:30ean abiatuko dira ekitaldiak, hazien trukaketa eta informazio banaketa eginez. Eguraldiaren arabera, Elizondoko plazan edo Merkatu Plazan eginen da. Eguerdian, mahai ingurua antolatu dute Arizkunenean Jakoba Errekondo eta Nafarroako eta Euskal Herriko hazi sareetako ordezkariekin. Aditu hauekin, ikusleek beraien esperientziak, zalantzak, galderak... partekatzeko aukera izanen dute. Ondotik, 13:30-14:00 inguruan gaztetxean bazkalduko dute eta bazkalondoan, kantalditxo bat izanen da Guajiroen eskutik.