Lore jokoetako literatur lehiaketan testuak aurkezteko epea zabalik

TTIPI-TTAPA 2013ko otsailaren 20a

Martxoaren 22a baino lehenago aurkeztu beharko dira lanak

Lore jokoak burutuko dira apirilean Iruritan eta horren harira, zenbait ekitaldi antolatu dituzte, tartean literatur lehiaketa. Baztandarrei zuzenduta, bi atal izanen dira poesia edo olerkia eta ipuina. Gaia lehenengo lore jokoetako bera izanen da: euskaldunon gauzarik maiteena. Martxoaren 22a baino lehenago aurkeztu beharko dira lanak, Arizkunenean.

1879an lehendabizikoz ospatu ziren Hego Euskal Herrian Lore Jokoak, Elizondon. Hori gogorarazteko, Dorrea Elkarteak, Baztandarren Biltzarrak eta Baztango Kultura Batzordeak elkarlanean Lore Jokoak antolatu dituzte apirilaren 21ean Iruritan. Bestaz gain, eta 1879. urtean egin zen bezala, literatura lehiaketa ere antolatu dute.

Baztandarrei zuzenduta dago lehiaketa. Hiru maila zehaztu dituzte A maila (6-12 bitartekoak), B maila (12-18 bitartekoak) eta C maila (18 urtetik goitikoak). Bi generotan parte hartu liteke: poesia/olerkia edo ipuina. Gaia 1879ko lore jokoetako bera izanen da “euskaldunon gauzarik maiteena”. Arizkunenan entregatu beharko dira lanak, martxoaren 22a baino lehen.

Lehiaketako baldintzak

Euskaraz idatzitako lanak izan behar dute, originalak eta bertze inon aurkeztu gabeak. Ordenagailuz edo makinaz idatzita egon beharko dute. Lanen luzerari dagokionez, poesia/olerkia egiten dutenek luzera librea dute. Ipuina idazten dutenek aldiz, A mailakoek orrialde bat idatzi beharko dute, B mailakoek 1-4 orrialde artean eta C mailan librea. Arial 12 letra tipoa erabilita: 1,5eko lerroartearekin. Idazlanarekin batera, gutun azal itxi baten barnean egilearen datuak aurkeztu beharko dira. Epaimahaia Baztandarren Biltzarreko kideek osatuko dute eta modalitate bakoitzean, liburuak erosi ahal izateko 50 euroko bonoa lortuko dute irabazleek. Sariak apirilaren 21ean, Lore Jokoen egunean, banatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun