Aitzinetik eskubaloian aritu bazen ere, duela sei urte hasi zen errugbian Saioa Jaurena Atxa, 23 urteko elizondarra. «Hasieratik nere postua pilier izan da, nahiz eta azken urte honetan hirugarren lerroan ere aritu naizen», aipatu digu. BRT, Iruñeko La Unica, Getxo (Euskal Ligako txapeldun izan da) eta Ohorezko mailako Bizkarians taldeetan arituz, orai, ustekabean, Espainiako selekziotik deitu dute. Bere taldekideek diotenez, neska bizkorra da, indartsua, taldearen alde aurpegia xehetzeko prest dagoena.
Aitor AROTZENA
Nola ailegatzen da BRTn hasitako neska baztandar bat, lehenik Getxora, gero Bizkarians taldera eta azkenik, Espainiako selekziora?
BRT-en entrenatzen hasi, baina neska talde faltagatik Iruñean jokatzen hasi nintzen eta aurreko denboraldian Getxora joateko aukera sortu zitzaidan. Aukera ona zen, bertan Ohorezko Mailako liga jokatzen baitute Bizkarians taldearekin. Denboraldi bat Getxon jokatu eta Ohorezko mailan ibili ondotik, abenduan, sorpresaz, Espainiako selekzioko kontzentrazio batera deitu zidaten.
Aitzindariak ere badituzu Baztanen, Agurtzane Obregozoren pausuak segitu dituzu nolabait…
Ni errugbian hasi nintzelarik Agurtzanek ia espainiako selekzioan jokatzen zuen. Hurbilean duzun norbait maila hortara iritsi dela ikusteak hurbiltasun haundiagoa ematen du, lanak bere fruituak ematen dituela ikusten duzu. Nere kasuan, aurreko denboraldian, denbora gehiago nuela eta gehiago entrenatzen hasi nintzen eta ematen duenez poliki-poliki gauzak etortzen hasten dire. Orain lanean segi eta Agurtzaneren pausuak segitzen saiatu….
Zergatik errugbia? Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Neska batzuk animatu ninduten errugbia probatzera, eta dudik gabe hasiera hasieratik aunitz gustatu zitzaidan. Dudik gabe, talde kirola denez, gehien gustatzen zaidana denen artean jokatzen den kirola dela da, taldeko kide guztiak beharrezkoak direla. Honek arras giro ona sortzen du talde baten barnean. Kontaktu aunitz dagoenez, talde lana da garrantzitsuena.
Nola definituko zinateke errugbilari bezala?
Jokatzen dudan postuagatik, indartsua. Kontaktu haundiko postuan jokatzen dut normalean, lehenengo lerroan. Postuak kontaktu aunitz eskatzen du. Hobetu beharra… gauza aunitzetan, teknika pixka bat eta fisikoa, nahiz eta azken denboraldian hobekuntzak nabaritu dituzten..
Espainiako selekzioan debuta egin duzu berriki… Zer moduz?
Bai, Urtarrilaren 5ean Cardiff-en egin nuen debuta Galeseko selekzioaren aurka. Dudik gabe esperientzia arras polita izan zen. Duela aste pare bat ere Dublinen izan ginen. Selekzioan dauden gehienak nahiko esperientzia dute partido internazionaletan, eta nabaritzen da. Espainian maila nahiko ona da baina talde batzuetatik bertzeetara desberdintasun haundia dago, batez ere Ohorezko mailan jokatzen dutenetatik bertzeetara. Espainiako selekzioan Europako gainontzeko taldeekin alderatuz, hobetu beharreko gauzak daude. Kontutan hartu behar da Irlanda bezalako selekzio batek Sei Nazioen txapelketa jokatzen duela, honek ere maila asko hobetzen du partidu internazional asko direlako.
2014ko Munduko txapelketan aritzeko itxaropenik baduzu?
Apirilean Madrilen jokatuko da Europako txapelketa eta hemen munduko txapelketarako sailkapena lortu beharra dago. Jokatutako partidu hauek txapelketaren prestaketaren zati izan dira, gure artean gehiago ezagutzeko eta jokoa hobetzeko. Munduko txapelketa 2014an jokatuko da, Frantzian. Pertsonalki lortu beharreko lehenengo gauza aurten Europako txapelketa jokatzea da eta klasifikazioa lortuz gero, mundiala jokatzea amets bat egi bihurtzea izanen litzateke, dudik gabe..
Bertzerik…
Aukera ona da denei errugbia probatzera animatzeko, eta batez ere neskei. Probatuz gero gustatzen den kirola da.
EZEZAGUNA GUREAN
«Nazioartean errugbia ezaguna da, eta batez ere Frantzian. Europako hainbat naziotan kirol zabalduenetarikoa da. Espainian, ez da sobera ezagutzen, ematen duenez geroz eta gehiago zabaltzen ari da. Baztanen BRT dagoenez, jendeak kirola ezagutzen du baina gero partidu bat ikustean gauza gehienak ez dituzte ulertzen. Etorkizunean jende gehiago mundu hontara hurbiltzea da denen nahia».