Arraiozko HiperSimplyko gerentearen dimisioa eskatu du LABek

TTIPI-TTAPA 2013ko otsailaren 19a

LAB sindikatuko ordezkariak, Hipersimplyko langile ohiekin egindako agerraldian. Utzitako argazkia

Langileen eta sindikatuen aurkako jazarpenak salatu ditu

«Ez dago enpresarekin lan harremanak normalizatzerik pertsona horrek bertan segitzen badu, egon zitekeen konfidantza guztia eta zubi guztiak aspaldi xehetu dituelako». Solas horiekin, Arraiozko HiperSimply supermerkatuko gerentearan dimisioa eskatu du LAB sindikatuak.
 
Sindikatu honetako kideek, supermerkatuko langile ohi batzuekin agerraldia egin zuten urtarrilaren 31n Elizondoko Arizkunenean. Bertan errandakoaren arabera, “ez da gai berria Hipersimply zentro komertzialeko arazoena. 2010eko udaberrian ireki zutenetik, hainbatetan sindikatu ezberdinek salatu izan baitugu bertako langileek pairatzen zuten egoera. Arra­zoiak aunitz izan dira, eta aunitz izaten segitzen dute”.
Halere, arazo nagusienak Pierre Elorga gerentearen gestioan zentratzen zirela azpima­rratu nahi izan dute, «pertsona honen zuzendaritzapean, lantegi honetan, langileen eta edozein pertsonak izan di­tzakeen oinarrizko eskubideak zapalduak bai­tziren, beldurra eta mehatxua erabiliz», LAB­en erranetan. Denbora honetan zenbait salaketa jaso ditu gerenteak, horietatik larri­ena eraso fisiko batengatik langile batek jarri­tako salaketa izan zen eta «Iruñeko 3. Sozial epaitegiak Pierre Elorga kondenatu du langile batekiko irainengatik». Sindikatu bateko kide bat langileentzako informazioa uztera zihoanean «modu txarrean eta bultzaka atera zuen, sindikatuak bertan soberan zeudela erra­nez».
 
LAB sindikatua prest dago harremanak normalizatzeko, baina ho­rretarako baldintza bakarra jartzen dute, per­tsona hau bertatik joatea. «Hori emanez gero posible litzateke harremanak normalizatzea, baldin eta langileen baldintzak normalizatuko balira eta langileen nahiz sindikatuen eskubideak errespetatuak izanen balira». Aldiz, langileen eta sindikatuen aurkako jazarpenak bere horretan segituko balu, LABek «ego­era salatzen segituko du eta bere esku dagoena eginen egoera aldatzeko».
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun