Hiru harri xabalek osatzen dute Pello Iraizozen Gau lana obra. Bakoitzean gizonezko bana, bizkarrean zama hartuta dutela. Kontrabandoan ibili zirenak omentzeko helburuz egin zuen obra Iraizozek eta orai gutti paratu dute Elizondoko Iturri Ederra plazan. Elizaren parean, Santiago eta Jaime Iturria kaleak elkartzen diren puntuan. Denbora gutxi darama hor jarrita baina, zeresana eman du dagoeneko. Batetik kokalekuak eta obraren tamainak ez dutela bat egiten diote askok, handiegia dela hor jartzeko. Bertzetik, gizonezkoak bakarrik irudikatzen direnez, emakumeek egindako lanari erreferentziarik ez dela egiten ere iruditzen zaie. Horregatik, ilbeltzaren 25eko batzarrean, lekuz aldatzea erabaki zuten. Obraren integritatea errespetatu nahi da eta kokaleku hobea bilatuko zaio. Bertzalde, herriko ordezkariak eta bizilagunak, Iraizozekin bilduko dira, emakumeen papera ere islatzen duen eskultura bat egitea proposatzeko.