Mende erdia bete du Baztandarren Biltzarrak eta urteurrena behar bezala ospatzeko kantua ere egin dute. «Eskuarak batzen gaitu», orain arteko lelotik, pauso bat haratago eman eta «Baztanen eskuara barra-barra» dio lema berriak. «Elkartu. Dantzatu. Mintzatu. Eskuaraz gozatu. Mingaina, bihotza, herria, eskuaraz aberastu Herriak, bihotzak, mingainak eskuara maite baitu!» diote behin eta berriz abestian. Hitzak Fernando Anbustegi elizondarrak idatzi ditu, eta Trikidantz taldeak musikatu. Erratzuko Xabier Ospital, Elizondoko Jon Mindegia eta elkarteko zenbait kidek ere parte hartu dute ahotsetan. Kantua ez ezik, webgunea ere berritu dute (baztandarrenbiltzarra.com) eta Juan Angel Perotxenak (Malmö Illustration&design) diseinatu du 50. urteurreneko logo eta irudia.