Harrera familiak ez datoz jatorrizko familiak ordezkatzera, haien osagarri izatera baizik. Helburu nagusia gurasoek zailtasunak gainditu ondotik, adingabea bere jatorrizko familiarekin itzultzea baita. Harrera familiaren parte bihurtzen dira haurrak. Aldi baterako seme, alaba, anai edo arreba bat gehiago. Faltan zuten babesa lortzen dute eta ordura arte ezagutzen ez zuten familia hitzaren esanahi berri bat ikasten dute.
Eneritz IRAOLA
Haur guztiek behar dute familia baten aterpea. Hazten eta hezten lagunduko dien giro goxo eta ziurra. «Talde edo ingurune baten parte dela sentitu behar du eta oreka emozionala beharrezkoa du» azaltzen du Maite Miguezek, Nafarroako Gobernuko harrera familia eta adopzioen saileko buruak. Babes hori familia biologikoaren baitan topatzea litzateke egokiena baina batzuetan ez da horrela gertatzen «mito bat da haur bat izatean denok haurra nola hezi jakiten dugula» azpimarratzen du Miguezek.
Hainbat arrazoi eta estuasun direla medio, aldi labur edo luze batez, seme alabak egoki zaindu ezinik egoten dira zenbait guraso. Haurren eskubideak bermatzeko, gurasoengandik banandu eta zaintza senideren baten eskuetan uzten saiatzen dira halakoetan. Aukera horrek ere huts egiten du zenbaitetan. Harrera familiak dira orduan, arazoa instituzionalizatu nahi ez bada, haurrek duten aukera bakarra.
HARRERA MOTAK
Bi harrera mota daude eta egoeraren arabera zehazten da bata edo bestea. Haurraren jatorrizko familiaren egoerak gehienez ere bi urteren bueltan hobera egin dezakeela uste badute, harrera soilaz hitz egiten da. Ezin bada aldez aurretik zehaztu zenbat denboran egon beharko duen umeak familia horrekin, iraunkorra izaten da.
INTEGRAZIOA
Haurrak ikusten badu, helduek ez dutela arazorik gai baten inguruan hitz egiteko, beraiek ere normaltasunez ikusten dutela erran digu Miguezek «Honela azaltzen diegu: haurrak txikiak zarete eta zaintzea behar duzue. Zure gurasoek ez dute jakin hori egiten. Horregatik, zure gurasoek zu ongi zaintzen ikasi bitartean, beste familia honen etxean biziko zara». Integrazio prozesu ez da beti erraza izaten, egoera zailak bizi izan baitituzte. Kasu hauetan beharra dutenei profesionalen laguntza eskaintzen zaie.
BISITAK
Haurra eta jatorrizko familiaren arteko katea ez da eteten. Harrerak iraun artean, legeak araututako bisiten bidez adingabeak bere jatorrizko familiarekin harremanean jarraitzen du. Horregatik dio Miguezek «harrera familiak prest egon behar du haurrak bisitetara eramateko». Eta itzulera eguna hurbiltzen denean, «bisitak maizago izaten dira, haurra pixkanaka ohitzen joan dadin». Etorkizunean jatorrizko familiak onartzen badu, harremana mantenduko du adingabeak harrerako familiarekin.
Gerora harremana izan edo ez, badira ikusezinak izanagatik ere loturik jarraitzen duten kateak. Gehienetan zilbor esteak bezain lotura handiak sortzen baititu laztan batek edo lokartu aurretik entzundako ipuin batek. Behin bizitako habiaren beroa ez da egun batetik bertzera ahazten. Eskuzabaltasun osoz, beraien familia partekatzen dutenek irudi bat ahazten ez duten bezala. Babesik gabe iritsi zen txoria hegan indartsu ikusten dutenekoa.
AURREIRITZIAK
«Jabetzaren kontzeptua oso errotua dago. Zure seme alabak ere joanen dira egunen batean etxetik. Denak betirako irautea nahi dugu, baina hori ezinezkoa da».
Maite Miguez (Nafarroako harrera familia eta adopzioen saileko burua)
ITZULERA
«Zure egitekoa bukatu duzula pentsatu behar duzu. Haur hori bere familiarekin itzuli denean ez dela etorri zen hura»
Ana Ferrandez (Harrera familia)
MAITE MIGUEZ, NAFARROAKO GOBERNUKO HARRERA FAMILIA ETA ADOPZIOEN SAILEKO LIBURUA
«Pertsona independienteak izateko oinarriak ematen dizkiete harrera familiek»
• Zer ematen diote haurrei harrera familiek?
Baloreak, arauak...baina baita goxotasuna, laztanak ere. Adingabeari etorkizunean pertsona independienteak izateko oinarriak ematen zaizkio. Integrazio sozialari ere zabaltzen zaizkio ateak, haurra komunitate baten parte baita familia horrekin bizi den bitartean.
• Zein familiak egin dezake harrera?
Ez dago familia hartzailearen eredu bakarra. Izan daitezke guraso bakarreko familiak, bikote homosexual edo heterosexualak, ezkonduak, dibortziatuak, haurrak dituzten familiak, haurrik gabeak...Estereotipoak eta aurreiritziak albo batera utzi behar dira, ez baitago familia eredu bakarra. Maitasunez betetako ingurune bat da oinarria. Guk haur bakoitzari hobekien doakion familia topatu nahi dugu.
• Zer egin harrera familia bihurtzeko?
Iruñeko egoitzara joan edo 848 421210 edo 848 421206ra deituta gurekin harremanetan jarri behar dute interesa dutenek. Hortik aitzinera prozesua martxan jarriko litzateke. Zoritxarrez, ezezaguna den errekurtsoa da, Nafarroa mailan familia baten zain haur aunitz dauden arren. Eskualde honetan ere jendea animatu nahi genuke.
ANA FERRANDEZ, HARRERA FAMILIA
«Alaba bat bezala maite duzu, baina bere familiara itzultzean hegan egiten utzi behar diozu»
Zein izan zen zuen kasua?
Duela bi urte hartu genuen harrera familia izateko erabakia. Iruñeko egoitzan informatu eta gure hiru alabei planteatu genien ea ongi iruditzen zitzaien. Inprimakiak bete genituen eta jarraian egokiak ote ginen aztertu zuten. Ikastaro batzuk egin genituen gero prest egoteko. Sei hilabete beranduago deitu ziguten, haur batentzat familia egokia ginela esanez. Alexandra sei urteko neskatoa hartu behar genuen harreran. Hasiera batean urte beterako zen asmoa, baina azkenean bi urtez egon zen, iaz abuztuan itzuli zen bere jatorrizko familiarekin.
Harrera egiteko unea iristean zeri zenioten beldurra?
Nire familia beste norbaitekin partekatzeak beldurtzen ninduen. Ez zara zu bakarrik, gure familian bost gara eta nola eramango genuen, elkarbizitzak, ematen zidan ikara gehien. Nik uste gure kasuan guk ere haurrak edukitzeak lagundu egin zuela prozesua erraza izaten. Errutina batean sartuak geunden eta Alexandra errutina horretan sartu zen, ez da bizimoduz aldatu genuela, bat gehiago zen bera. Hiru hezten diren lekuan lau hezi litezke.
Zein aurreiritzi topatu zenituzten?
Aunitzek ez du harrera familia izateko pausoa ematen badakielako aldi baterako kontua dela, haur hori betiko beraiekin geratuko ez delako. Egia da lotura afektiboak handiak izaten direla; haurra bere jatorrizko familiarekin itzultzen den unea gogorra dela. Baina hasieratik dakizu hori gertatuko dela. Bizi behar ez zituzten gauzak bizi izan dituztela pentsatzea da gogorrena. Haur batek ikusi edo sufritu behar ez dituen egoerak.
Bi familia dituzte, nola bizi dute hori haurrek?
Batzuetan haurrak errudun sentitzen dira. Harrera familiarekin gustora daude, baina bere gurasoak ere hor daude. Bikoiztasun hori gertatzen da. Han egon nahi dute, baina ez dute hemendik joan nahi. Hori arrunta da. Alexandra etxera itzultzera zihoanean, bisitak maizago egiten hasi zen. Gero asteburu pasa joan zen, ondoren bi aste pasatzera. Itzultzen zenean, egoerari pisua kentzen saiatzen ginen. Normaltasunez jokatu behar da.
Lotura afektiboak sortuko dira...
Bi urte dira eta bi urte horietan alaba bat bezala maite duzu. Guztiaren gainetik Alexandrak badaki hemen familia bat duela. Bere familiara itzultzean, hegan egiten utzi behar diozu. Egunero deitu eta berarekin egon nahi zenuke, baina badakizu ez dela komeni. Zure egitekoa bukatu duzula pentsatu behar duzu. Haur hori bere familiarekin itzuli denean ez dela etorri zen hura. Motxila bete du gurekin bizitako denboran, oinarriak eta aitzinera egiteko tresnak eman dizkiogu.
Zer eman dizue esperientzia honek?
Eman adina jaso dugu. Gure familia partekatu dugu Alexandrarekin eta berari eman diogun maitasun guztia jaso dugu bueltan. Beharra duen bitartean zuretik eman diozula sentitzen duzu eta berak egunero bere keinu txikiekin itzultzen dizu esker ona. Gainera, haur horri familia hitzaren esanahi berri bat ematen diozu. Aunitzetan haur horrek ez daki bere familian gertatzen diren gauzak ez direla arruntak, ez dituela zertan sufritu behar. Babes gabe dagoen haur bati laguntzeak ematen duen poza eman digu honek, hitzez azaltzen zaila den poza.