Emakumezkoen Binakako frontenis txapelketa jokatuko da Baztanen martxoaren 9tik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2013ko otsailaren 18a

Izen-emateko azken eguna otsailaren 21a

Txapelketan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute Kultur Etxean, otsailaren 21a baino lehenago. 10 euro ordaindu beharko dira bikoteko eta lehen maila edo bigarrenean jokatuko dute. Partida guztiak larunbatetan jokatuko dira 15:00etatik aitzinera.

Emakumezkoen Binakako frontenis txapelketa antolatu dute Baztanen. Martxoaren 9an hasiko dira partidak, horregatik, izen ematea otsailaren 21a baino lehenago egin beharko da. Kultur Etxean egin liteke, kirol zerbitzuko bulegoan, 948 581279 telefonora deituta edo kultura@baztangoudala.eu helbidean. Bikote bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu. Txapelketa lehen eta bigarren mailan jokatuko da eta parte hartzaileek izen-emateko orduan zehaztu beharko dute zein mailatan jokatu nahi duten.

Parte hartzaile kopuruaren arabera erabakiko da partidak non jokatuko diren. Datu batzuk zehaztu dituzte ordea, partida guztiak larunbatetan jokatuko dira, baina martxoaren 30ean ez da partidarik izanen. 15:00etan hasiko da lehendabiziko partida eta ondokoak ordu erditik ordu erdira seinalatuko dira. Derrigorrezkoa izanen da partida hasi baino ordu erdi bat lehenago frontoian egotea. Jarritako ordutik 10 minutu beranduago agertzen denari partida galdutzat emanen zaio 30-0 emaitzarekin.

Puntuaketa sistemari dagokionez, zozketa bidez erabakiko dira lehenengo errondako talde bakoitzeko bikoteak eta horiek ligaxka moduan jokatuko dute. Ondoko partidetan kanporaketa sistema jarraituko da. Txapelketaren inguruko arauak Baztango udalaren web orrian irakurri litezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun