Baztango Batzar Nagusiak eta Udalak zenbait herri lur-zati herritarren eskura jarri nahi ditu baratze sozial modura erabil ditzaten. Udalak ordenantza zirriborro bat osatua du dagoeneko, baratze sozialen inguruko pautak zehaztuz. Ordenantza indarrean jarri aurretik, eztabaidatu eginen dute otsailaren 14an. Bilera irekia deitu dute horretarako, arratsaldeko 07:00etan Arizkunenean.
Ordenantza zirriborroan zehazten denez, baratzeetan norberak kontsumitzeko produktuak bakarrik landatu daitezke eta etxeko erabilerarako mugatuko dira. Horrenbestez, debekatuta dago bertatik ateratako produktuak saltzea. Baratzeak eskatzeko baldintzak edo epeak; eskumenak eta zaintza noren esku diren; erabilera arauak eta erantzukizunak zeintzuk diren jasotzen da ordenantzan. Puntu hauek aztertu eta herritarren iritziak jasoko dituzte.