Mozorro bestak segida izanen du

TTIPI-TTAPA 2013ko urtarrilaren 31

Ortzegun Gizenetik asteartera bitarte, izanen da ongi pasatzeko modua herriotan. Utzitako argazkiak

Inauterietako data ofizialetan ere inauteriak izanen dira Baztanen. Elizondoko xehetasunak gehigarrian dituzue eta Iruritan eta Almandozen ere eginen dute etxez etxeko puxka biltzea. 

Amaiurren, otsailaren 5ean haurren inautea ospatu eta 8an eta 9an helduen iñautea eginen dute. Ortzilerian gazteek elkartean gosaldu ondotik eskolara bixita eginen dute mozorrotuta eta gero baserriz baserri ibiliko dira, berriz ere elkartean afaltzeko. Biharamonean, ongi gosaldu ondotik, herrian ibiliko dira eskean eta gauean afaldu eta dantzatu eginen dute elkartean.

Lekarozen otsailaren 8 eta 9an izanen dituzte inauteriak. Ortzilerian herritik urrunago dauden etxeetan ibiliko dira eta gauean  sagardotegian afalduko dute. Launbetian, berriz, herrian dauden etxeetan ibiliko dira puxka biltzen eta herriko ostatuan bazkaldu eta afalduko dute. Aurten, azken pare bat urteetan bezala, Arkaitz Mindegia izanen dute trikitilari eta Birjinia Mariezku­rrena panderoarekin.

Gartzainen ere otsai­laren 8 eta 9an ospatuko dituzte inauteriak. Herrian 4 auzo daudela kontuan hartuta, lehenbizikoan Etxarri eta Ariztegi auzoak egiten dituzte eta larunbatean, berriz, Gartzain herria eta Aizano. Ortzilerian, gazteak Herriko Ostatuan biltzen dira gosal­tzeko eta egunari hasiera ona emateko. Ondotik, trikitixa edo akordeoi soinuak lagun, bordetara abiatuko dira. hauek bisitatu eta alaitu ondotik, Etxarriko etxeak bisitatuko dituzte, Ariztegira ailegatu arte. Larunbatean ere herriko ostatuen gosaldu eta herriko etxeak bisitatuko dituzte eta gero Aizanokoak. Egune akitzeko, herri afaria izanen da eta besta goizeko ordu ttikiak arte luzatuko da. 

Erratzun otsailaren 10, 11 eta 12an ospatuko dituzte inauteriak. Igandean etxez etxe puxka biltzen ibili ondotik afaria eginen dute gazteek. Astelehenean ere plan beretsua izanen dute eta hondar egunean damen desfilea eginen dute.

Arizkunen ere otsailaren 10etik 12ra eginen dituzte inauteriak, igandetik asteartera. Igande goizeko 09:00e­tan gosaria eginen dute, gero auzotara puxke biltzera gateko. Esketik bueltan berriz he­rrian puxke biltzea eginen dute. 18:00etan mozorroak karrikan barna ibiliko dira. 20:00etan Dantzaldia frontoian. 21:00etan afaria elkartean (txartelak Dolatxea ostatuan salgai). Ondoren dantzaldia elkartean bera. Astelehenean ere igandea bezala ibiliko dira eta astearte eguerdian Sagardantza dantzatuko da herriko karriketan barna. 14:00etan desfilea Har­tza eta hartzainarekin, damekin, mozorroak, karrozak... Ondotik bazkaria izanen da elkartean (txartelak Dolatxea ostatuan salgai).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun