Joxe Telletxea txistularia gogoratu dute Erratzun

TTIPI-TTAPA 2013ko urtarrilaren 30a

Joxe Telletxea, «Joxe Xixtu». Utzitako argazkia

Joan den mendean bere txistulari lanarengatik ezagun izan zen Joxe Telletxeari omenaldia eskaini zioten Baztandarrak eta Jo ala Jo elkarteek urtarrilaren 20an Erratzun.

Ziztulariak, fanfarrea eta txalaparta doinuak hedatu ziren goizean karrikaz karrika,  Mutildantzak dantzatu plazan eta bazkaria egin zen Erratzuko Elkartean.

José Jerónimo Telletxea Sarratea, Joxe Xixtu Zigau­rreko Indartetxipian sortu zen 1891ko urriaren 16an. 1917ko apirilaren 17an Berroetara ezkondu eta 1924an Erratzura gan zen bizitzera, Erratzuko damuñe (danbolina) ofiziala izendatu baitzuten. 15 urte eman zituen Erratzun eta handik Errenteriara joan zen bizi­tzera. 1942an Patrizia Arroabarrena lehen emaztea galdu eta hiru urte beranduago itzuli zen Baztanera, Arraiozera.  Arraiozen Mª Guadalupe Arozenarekin esposatu zen. 1963­ko ilbeltzaren 12an hil zen.

Musika ikaskuntzei dagokienez, Zigako Pablo Goldarazena apezarekin musika ikasten hasi zen ttikitan, gero Emiliano Apezetxea Erratzuko organista zenarekin. Z­i­priano Iribarren Xamar txistulariarengandik  mutildantzaren doinu gehienak  ziztuarekin jotzen ikasi zituen Joxek. Joxek, mutil gaztea zelarik, ikasi zuen Eztai doinua Joxe Angel Dorre­motzengandik. Arestian aipatu den bezala, Erratzuko danbolin ofiziala izan zen 1924tik 1939 urte artio alta Erratzun herriko bestetan eta iñautetan txistua jotzen segitu zuen ber­tze hainbe­rtze urtez. Berroetan eta Zigan ere maiz jo­tzen zuen herriko bes­tetan. Arraioz­ko danbolina izan zen 1945 urtetik 1963 artio eta lan aipagarria egin zuen mutildantzak erakutsiz. Bere mutildantza ikasleen artean Valentin Ba­rragan dago, Baztango dan­tzak maiz erakusten aritu zena Lekarozen, Elizondon eta Oronoz-Mugairin batez ere.

Joxek klarinete “errekintoa” ere jotzen zuen plazetan, igande eta besta-eguneko arra­tsaldetan, ttunttunaren teno­rean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun