Elizondoko Lanbide Eskolak egungo egoera ekonomikoa azaltzeko Sixto Jimenez Muniain ekonomista eta enpresa gizon ospetsua gonbidatu zuen. Sixtok hogeita hamar urte baino gehiagoko esperientzia du enpresa munduan. Berak zuzendutako enpresak, Viscofan multinazionala adibidez, munduan bere sektoreko lider izan dira. Egun, Tutti-pastako presidentea da.
Bi orduz, Zangozako ekonomistak Lanbide Eskolako ikasleekin egungo krisiaren jatorriaz eta izan ditzakeen ondorioez solas egin zuen. Egindako hausnarketan Gobernuak krisialditik ateratzeko egiten ari den gastu publikoaren murrizketa kritikatu zuen eta aldi berean, politikariek hartutako neurrien inguruan ematen dituzten argudioak kolokan jarri zituen. Bide batez ikasleak animatu zituen espiritu kritikoa izatera eta bere zaletasunekin bat egiten duen zerbaitetan jardutera.
Norbait interesatuta baldin badago munduan barna konferentziak ematen dituen enpresa gizon honek ekonomiaren inguruan ematen dituen argudioak jakiteko www.ekoberri.com blog ekonomiko interesgarrian irakur ditzake. Lanbide Eskolatik blog hau gomendatu dute, egungo egoera sozio-ekonomikoa hobeki ulertzeko.