Geroa Baik argitaratutako oharrean sortu nahi duen «alarma faltsuaren aitzinean», baztandarren lasaitasunerako 2013ko udal aurrekontuak egite prozesuan daudela jakinarazi du Gobernu taldeak, eta Geroa Baik erraten duenaren aurka «toki gehienetan urte hasieran onartzen direla aurrekontuak, eskualdeko udaletxe gehienetan horrela gertatuko da».
Gobernu Taldearen oharrak dioenez, «Baztango Geroa Bai taldeak ongi aski dakien moduan, azken urteetan NaBai gobernuan zela adibidez Baztango udal aurrekontuak garai desberdinetan onartu ziren: 2008an hasierako onespena ekainean eman zitzaien, 2009an, otsailean; 2010ean abenduan eta 2011n urtarrilean».
Udalak aurrekontuen lanketa aspaldi hasi du baina udal-kontulariek aurten duten oposizio deialdiak tramitazioa mantsotu du eta kontuan hartu behar da «Nafarroako Gobernuaren aurrekontuekin dagoen ziurgabetasunak gure aurrekontuak ere baldintzatzen dituela». Hala ere nahiz eta mantsotu zerbitzua guztiz bermaturik dago eta aurrekontuak onartu eginen direla diote udaletik. Iazkoek bezala, «krisi egoeran baztandarren eskubide sozialak bermatzea izanen dute lehentasun, kohesio soziala bulkatzea eta bazterketa sozialari kontra egitea». Horrekin bat udalaren ardurapeko azpiegituretan inbertsioak eginen direla jakinarazi dute, nahiz eta «aitzineko udalak utzitako zorraren zamak guztiz baldintzatzen du inbertsioak egiteko aukera». Geroa Baik ez duela proposamen bat bera egin eta irekita dauden erabaki guneetan parte hartzera gonbidatu dute.