Geroa Baik kezka adierazi du «udalaren kudeaketa ekonomiko murritzaren» aurrean

TTIPI-TTAPA 2013ko urtarrilaren 30a

Gobernu taldea 2013ko udal aurrekontua dagokion epean onartzeko ez dela gai izan salatu du

Baztango Geroa Bairen ustez, «kezkatzekoa da Bildu-Baztango Ez­kerra gobernu taldea ez dela gai izan 2013ko au­rrekontua dagokion epean onartzeko. Larria da, batetik, urtea hasi au­rretik onartu egin behar baita urte horretarako aurrekontua, legeak eta zentzuak berak adierazi bezala. Baina, bestetik, eskandalagarria da gainontzekoei gardentasun falta leporatzen dieten horiek, egun arte, sikiera egin beharrekoaren ildo nagusi eta orokorrik eman ez izana.  Udal buletinean, denori bezala, guri ere ezarriko zaizkigun murrizketen berri ematen dute, baina, jakin nahiko genuke urte honetan zehar zertan gastatu edota inbertituko dituzten baztanda­rron baliabideak». 

Honekin batera, Baztango Udalaren ekimen ekonomiko falta salatu du Geroa Baik, izan ere, «egun bizi dugun garai kritiko honetan, bailarako sektore eta eragile ekonomikoei lagun­tzeko ez da batere neu­rririk edota ekimenik proposatzen ari. Zorionez, bailaran badira sektore ez­berdinen promozio eko­nomikorako lanean ari diren elkarteak eta, ho­rien lana goraipatzearekin batera, Udalari horiek laguntzeko eta babesteko» eskatu diote.  

Bilduk eta Baztango Ezkerrak egiten duten gauza bakarra gastua kontrolatu eta beraiek heldu zireneko martxan ziren zerbitzuak manten­tzea dela uste du Geroa Baik. «Ez dute beste inolako ekimenik proposatu, ez bederen Baztango ekonomia bizkortze aldera». Egun bizi dugun krisi egoeraren aurrean honelako gabeziak onartezinak direla uste du Geroa Baik. «Aktibitate ekonomikoa bizkortuz gero, bailarak baliabide ekonomikoak lortuko lituzke; aldiz, udal honek nahiago du hemengo familiak presionatu, espediente berresle zigortzaileak banatuz han-hemen, une larri eta gordin honetan», diote Baztango Geroa Baiko kideek.  

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun