«Krisi ekonomikoak baino gehiago kezkatzen nau erreleborik ez egoteak»

Eneritz IRAOLA 2013ko urtarrilaren 30a

Mikel Iriarte, zortzi urtez Baztandarren Biltzarra elkarteko zuzendaria izan zen. Utzitako argazkia

Baztandarren Biltzarrak mende erdia bete du aurten. Bestarekin lotzen dute batzuek izen hori, baina hurbiletik bizi dutenek besta baino askoz gehiago irakurtzen dute hitz horien atzean. Mikel Iriarte da horietako bat. Baztan­darren Biltzarreko zuzendari kargua bete zuen zortzi urtez. Iragana, oraina eta etorkizuna izan ditugu hizpide. Eguna ez ospatzeko mamua sarritan inguruan ibili bada ere, «jendea gauza guztien gainetik inplikatu» dela dio. Bere ustez, oinarrizkoena lortu da, «bazegoen eta badago aitzinerat segi­tzeko gogoa».
 
E. IRAOLA

Zein da 50. urteurrenera iristeko sekretua?
Aunitz urte dira, baina pentsatzen dut erreleboak izan direlako iritsi dela kopuru honetara.  Bidean aunitz gora behera eta gertaera izan dira. Garai desberdinak bizi izan ditugu, batzuk nahiko larriak ere bai.  Baina nonbait jendea  gauza guztien gainetik inplikatu egin da. Bazegoen eta badago nahia honekin ai­tzinerat segitzeko.Egun berezia da. Erreferente bat izan da aunitzendako eta oraindik ere garai batean etortzen zen jendea etorri egiten da. Agian, lorpen bat bezala ere gogoratzen da.
 
Antolaketa egiteko modua aldatu da?
Baztandarren Biltzarra hasiera batean egun bakarrera mugatzen zen baina urteekin elkartearen beharra ikusi eta sortu zen. Hasierako urteetan oztopo aunitzi egin behar izan zitzaion au­rre. Udalek lagundu beharrean trabak jartzen zizkizuten, fabore eske joan beharra izaten zen eta horrela ere ez zen behar zen laguntza lor­tzen.Denborarekin ins­tituzioetan ere eboluzio bat egon da eta orain normalizatua dago eta laguntza ere eskaintzen dute. Elkartearen antolakuntzan berriz, generazio desberdinetako jendea ibili da. Gaur egun jende nahiko gaztea da hor dabilena, nahi edo behar adina  ere ez. Jende falta dagoela diote. Garai errazak bizi izan ditugu. Jendeak nahiago izan du bes­ta egin lanean ari­tzea baino.
 
Egunak berak jasan du aldaketarik?
Gehiegi ez da aldatu egitaraua. Orgen apain­garriak egiten dira, he­rri bakoitzak berea eramaten du urtero, hasieratik gainera eta horrekin batera herri bazkaria ere egiten da bai.Garai batean ia ia orga denek izaten zuten gai tradizionalen bat. Alda­rrikapenak ere ez ziren falta izan, 80. hamarkadan gehienbat. Gaur egun denetarik dago, baina lehengo aldean, aunitz indar hartu du antzerkiak. Ez da baka­rrik gauza estatiko bat. Jendearen parte har­tzea bultzatu eta pasarteak kontatzen dira. Horrek  bizitasun handia ematen du. Nik uste hori jendeak baloratzen duela.
 
Garai zailak izan ditu, etorkizuna nola ikusten duzu?
Krisi ekonomikoak baino gehiago kezka­tzen nau, erreleborik ez egoteak. Hori ez gerta­tzeko berrantolaketa bat beharrezkoa da. 50 urtez iraun dugu eta orain elkarteari zer eska­tzen diogun planteatu beharko litzatekeela uste dut. Nola izan behar lukeen, nola funtzionatu... garai batean Baz­tango jarduera kultural, politiko eta sozial guztiak Baztandarren Elkartearen eskutik egiten ziren eta orain guztia alderantziz da. Hainbat eta hainbat talde daude eta bakoitzak bere aldetik egiten du lan. Elkarrekin harremanetan jarri eta koordinazio lanak egin behar dituztela iruditzen zait. Zentroak Baztandarren Biltza-rra behar luke izan.
 
50. urteurrena dela eta zer antolatu da?
Urteurrena ospatzeko proposamen desberdinak ari dira lantzen. Asmoetako bat da he­rri bakoi­tzean ekitaldi desberdinak egitea. Horrela uztailera iristen garenerako herri guztietan girotzeko eta urteu­rrena ospatzeko zerbait egina egonen da.
 
Baztandarren Biltza­rrean egon ez denari zer erran?
Animatu eta etortzeko.  Bailara euskaltzale batera etorriko dela eta bertako jendea ezagutuko duela. Aunitzetan Baztanda­rrak tuku-tuku izatearen fama dugu. Etortzen badira ikusiko dute ez garela ho­rrela eta badugula zer konta.
 
ETORKIZUNA

«Garai batean Baztango jarduera kultural­, politiko eta sozial guztiak Baztandarren Elkartearen eskutik egiten ziren eta orain guztia alderantziz da. Hainbat eta hainbat talde daude eta bakoitzak bere aldetik egiten du lan. Elkarrekin harremanetan jarri eta koordinazio lanak egin behar dituztela iruditzen zait. Zentroak Baztan­darren Biltzarra behar luke izan»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun