Elizondoko “gau lana” eskultura lekuz aldatzea erabaki dute

Ttipi-Ttapa 2013ko urtarrilaren 29a

Gau lana eskultura, Iturri Ederra plazatik kendu eta kokaleku berria bilatuko diote. Ondikol

Obraren tamainak eta emakumeek kontrabandoan egindako lanari erreferentziarik ez egiteak bultzatu du erabakia

Pello Iraizozek egindako obra, Iturri Ederra plazan dago kokatua eta hasieratik, zeresana eman du. Obra hor kokatzeko handiegia delako eta emakumeek kontrabadoan egindako lanari erreferentziarik egiten ez zaiolako hartu dute lekuz aldatzeko erabakia.

Hiru harri zabalek osatzen dute Pello Iraizozen “gau lana” obra. Bakoitzean gizonezko bana, bizkarrean zama hartuta dutela. Kontrabandoan ibili zirenak omentzeko helburuz egin zuen obra Iraizozek eta duela gutxi jarri dute Elizondoko Iturri Ederra plazan. Elizaren parean, Santiago eta Jaime Iturria kaleak elkartzen diren puntuan. Denbora gutxi darama hor jarrita baina, zeresana eman du dagoeneko. Batetik kokalekuak eta obraren tamainak ez dutela bat egiten diote askok, handiegia dela hor jartzeko. Bertzetik, gizonezkoak bakarrik irudikatzen direnez, emakumeek egindako lanari erreferentziarik ez dela egiten ere iruditzen zaie. Horregatik, ortziralean egindako batzarrean, lekuz aldatzea erabaki zuten. Obraren integritatea errespetatu nahi da eta kokaleku hobea bilatuko zaio. Bertzalde, herriko etxeko ordezkariak eta bizilagunak, Iraizozekin bilduko dira, emakumeen papera ere islatzen duen eskultura bat egitea proposatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun