Gizarte zerbitzuak indartzeko helburuz, urriaz geroztik lantalde berria ari da Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdin lanean. Lau profesionalek osaturiko taldea da: Elena Urtasun, gizarte langilea; Arantxa Gamio, hezitzailea; Laura Andresena, gizarte langilea eta Irene Iribarren, administraria. Etxez etxeko langileekin osatzen dute zerbitzua. Astelehenetik ostiralera goiz eta zenbait arratsaldez arreta zuzena eskaintzen dute Baztango udaletxean eta ortzegunetan Urdazubi eta Zugarramurdin.
Duela urte eta erdi inguru, Gizarte Zerbitzuetako arloak gutxieneko zerbitzuak ez zituela betetzen ikusita, arlo hori indartu nahi izan zuen udalak. Izan ere, Urdazubi eta Zugarramurdirekin batera ematen da zerbitzua eta 2012ra arte, 3,5 etxez etxeko langile eta gizarte langile bakarra zeuden 8000 biztanleendako. Lan talde berria osatuta, onarrizko zerbitzuak betetzen dira, lau profesional eta 3,5 etxeko langile ari baitira lanean. Harrera, orientazioa, aholkularitza, balorazioa eta diagnostiko soziala egin eta prebentzioa eta sustapen soziala lantzen dituzte. Lau programatan banatzen dute egitekoa. Harrera eta orientazio soziala, autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzekoa, gizarteratzekoa eta haur eta familiei zuzendutakoa. Talde hau osatu zenetik, ekimen desberdinak jarri dituzte abian: elikagai bankua, guraso eskola...