Joan den mendean bere txistulari lanarengatik ezagun izan zen Joxe Telletxeari omenaldia eskainiko diote urtarrilaren 20an, igandean Erratzun.
Goizeko 11:00etatik 13:00etara ziztulariak, fanfarrea eta txalaparta doinuak hedatuko dira herrian barna. 13:00etatik aitzin Mutildantzak dantzatuko dira plazan eta 14:00etan bazkaria eginen da Erratzuko Elkartean.
Joxe Xisturen bizitza
José Jerónimo Telletxea Sarratea, “Joxe Xixtu” Zigaurreko Indartetxipian sortu zen 1891ko urriaren 16an. 1917ko apirilaren 17an Berroetara ezkondu eta 1924an Erratzura gan zen bizitzera, Erratzuko damuñe (danbolina) ofiziala izendatu baitzuten. 15 urte eman zituen Erratzun eta handik Errenteriara joan zen bizitzera. 1942an Patrizia Arroabarrena emaztea galdu eta hiru urte beranduago itzuli zen Baztanera, Arraiozera. 1963ko ilbeltzaren 12an hil zen.
Musika ikaskuntzei dagokienez, Zigako Pablo Goldarazena apezarekin musika ikasten hasi zen ttikitan, gero Emiliano Apezetxea Erratzuko organista zenarekin. Zipriano Iribarren “Xamar ”(1850-1930) txistularengandik mutildantzaren doinu gehienak ziztuarekin jotzen ikasi zituen Joxek. Joxek, mutil gaztea zelarik, ikasi zuen Eztai doinua edo Eztai soinua Joxe Angel Dorremotzengandik. Arestian aipatu den bezala, Erratzuko danbolin ofizilia egin zen 1924tik 139 urte artio alta Erratzun herriko bestetan eta iñautetan txistua jotzen segitu zuen bertze hainbertze urtez. Joxek berpiztu, indartu zituen ikasitako mutildantzak, herriko gazteriari dantzan erakutsiz eta plazan ageriz. Oraindikan ere, 50 urte zendu zenetik bete direlarik, erratzuar batzuk gogoratzen dute Joxe damuin zaharra.
Berroetan ere maiz jotzen zuen herriko bestetan eta Zigan ere. Arraiozko danbolina izan zen ere 1945 urtetik 1963 artio eta lan aipagarria egin zuen herri honetan mutildantzak erakutsiz. Bere mutildantza ikasleen artean, Arraiozen aritua, Valentin Barragan dugu, mutildantzari zaletua baztango dantzak maiz erakusten aritu zena Lekarozen , Elizondon eta Oronoz-Mugairin batez ere.
Joxek klarinete “errekintoa” ere jotzen zuen plazetan, igandetako eta besta-eguneko arratsaldetan, ttunttunaren tenorean.