Baztango liburutegi publikoa Eguberrietan goizez bakarrik egon da irekita. Udala eginahalean aritu da bertako langilea falta delarik, ordezkapenak egin ahal izateko lan poltsa egin nahian, baina Nafarroako Liburutegi Publikoen Saretik ez du laguntzarik jaso. Izan ere, komenigarria da jakitea, Nafarroako Liburutegietako langile guztiak Nafarroako Gobernuaren eskutik daudela, ez udalaren eskutik, hortaz, beraiei dagokiei liburuzainaren ordezkoa igortzea.
Liburuzaina ez dagoelarik (eri, oporretan…) liburutegia ireki ahal izateko lan-poltsa egin nahi zuela adierazi zion Baztango Udalak Nafarroako Gobernuko liburuzainen elkarteari, eta gai honetaz mintzatzeko Nafarroako Gobernuko Liburutegi Publikoen Sareko arduradunarekin mintzatu ziren. Berak erran zuenez, oporrak ordezkatzeko ardura Udalena zen, eta bertze tokietan hori egiten zutela eta, Liburutegia ixtea ere udalaren esku zegoela.
Liburutegia ixtea azken aukera zenez, lan-poltsa egiteko asmoz berriz ere Nafarroako Gobernuko Liburutegien sareko arduradunarekin mintzatu ziren udal irdezkariak 2011ko urte hondarrean, «probak diseinatu eta zuzentzeko teknikari bat igorriko ote ziguten galdetuz». Erantzuna baiezkoa izan zen, baina azterketa eredua prestatzeko eta euskaratzeko astia behar zutela eta 2012an berriz deitzeko erranez.
Euskaraz egiteagatik proben eguna gibelatu egin beharko zela adieraztearekin bat, Udalak eginiko lan-poltsa horretan proba gaindituko lukeenak ez lukeela liburutegia kudeatzeko baliabiderik izanen erran zuten Iruñetik (mailegu sistema, ordenagailuko klabeak…), ez baita Nafarroako Gobernuaren eskutik ariko lanean. Beraz, eta aipatutako guztiarengatik, Baztango udalak bere gain hartu du aurten ere liburuzainaren ordezkoa, baina bizi dugun egoera zein den kontuan hartuz, egun erdiko ordezkapena eginen du egun osokoa beharrean.
Nafarroako Gobernuaren jokaera salatu nahi du Baztan Balleko Udalak, eta aldi berean Baztango Liburutegi publikoko erabiltzaile diren guziei barkamenak eskatu dizkiete.