Geroa Baik “alarma faltsua” sortu nahi duela dio Baztango Gobernu taldeak

TTIPI TTAPA 2013ko urtarrilaren 17a

2013ko udal aurrekontua urte hasieran onartuko dela jakinarazi dute “eskualdeko udaletxe gehienetan bezala”

Baztango Geroa Bai taldeak argitaratutako oharrean sortu nahi duen «alarma faltsuaren aitzinean», baztandarren lasaitasunerako Baztango 2013. urteko aurrekontuak egite prozesuan daudela jakinarazi du Gobernu taldeak, eta Geroa Baik erraten duenaren aurka, «toki gehienetan urte hasieran onartzen direla aurrekontuak, eskualdeko udaletxe gehienetan adibidez, horrela gertatuko da».

Baztango Geroa Bai taldeak argitaratutako oharrean sortu nahi duen «alarma faltsuaren aitzinean», baztandarren lasaitasunerako Baztango 2013. urteko aurrekontuak egite prozesuan daudela jakinarazi du Gobernu taldeak, eta Geroa Baik erraten duenaren aurka «toki gehienetan urte hasieran onartzen direla aurrekontuak, eskualdeko udaletxe gehienetan adibidez, horrela gertatuko da».

Gobernu Taldearen oharrak dioenez, «Baztango Geroa Bai taldeak ongi aski dakien moduan, azkeneko urteetan NaBai gobernuan zela adibidez Baztango udal aurrekontuak garai desberdinetan onartu ziren: 2008an hasierako onespena ekainean eman zitzaien, 2009an, otsailean; 2010ean abenduan eta 2011n urtarrilean. Ikusten ahal den moduan aurrekontuak aitzineko urtearen bukaeran ez onartzeagatik ez da deus pasatzen. Beraz, intentzio arrunt txarrarekin herritarrak nahasi nahi izan dituzte».

Baztango udalak aurrekontuen lanketa aspaldi hasi du baina udal-kontulariek aurten duten oposizio deialdiak tramitazioa mantsotu du. Bertze aldetik, kontutan hartu behar da «Nafarroako Gobernuaren aurrekontuekin dagoen ziurgabetasunak gure aurrekontuak ere baldintzatzen dituela». Hala ere nahiz eta mantsotu zerbitzua guztiz bermaturik dago eta aurrekontuak onartu eginen direla diote Gobernu taldetik.

Aurtengo aurrekontuek, iazkoek bezala, «helburu nagusi bezala krisi egoeran baztandarren eskubide sozialak bermatzea izanen dute lehentasun, kohesio soziala bulkatzea eta bazterketa sozialari kontra egitea». Horrekin bat Baztango udalaren ardurapeko azpiegituretan inbertsioak eginen direla jakinarazi dute, «hori bai, Baztango oraingo udalak aitzineko udalak utzitako zorraren zama beregain du eta horrek guztiz baldintzatzen du inbertsioak egiteko aukera». Beraz, gobernu taldearen helburua, «orain arte egin dugun bezala, gastua modu arduratsuan kontrolatzea, lana banatzea, zerbitzuak bermatzea eta orain arte egin ez den bezala modu axolagabean diru publikoa ez xahutzea» izango da.

Bertzalde eta Baztanen sustapen ekonomikoari buruz «Geroa Bairen demagogiak soberan daudela» erran nahi dute Bildu eta Baztango Ezkerrako zinegotziek. «Baztango udala eragile desberdinekin etengabe harremanetan dago, Cederna-Garalurrekin programa desberdinak diseinatzen eta garatzen eta bertze eragileekin batzordeen bidez elkarlanean».

Alde horretatik, Gobernu taldearen oharrak dioenez, «azpimarratzekoa da Geroa Baik ez duela proposamen bat bera egin orain arte eta Diario de Noticiasen oharrak argitaratu bidenabar, gonbidatzen ditugu gaur egun irekita dauden erabaki guneetan parte hartzera, aukera baitago proposamenak egin eta eztabaidatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun