Blokeetan bizi diren herritarrek edo lurrik ez dutenek ere konposta egiteko erakutsi duten interesari erantzunez, Baztango Udalak Nafarroako hiri-hondakinen partzuergoarekin proiektu bat egin eta konpostagailu komunitarioak ezartzeko saiakera eginen du. Arraioz, Aniz eta Elizondoko Baztan Berrin eginen dute esperientzia pilotua. 6000 euro inguruko kostua izanen du eta Nafarroa mailan esperientzia aitzindaria izanen da. Arraioz eta Baztan Berriko kasuan gehienak blokeetako biztanleak dira, Anizen berriz jendea etxeetan bizi da. Anizen helburuak betetzen badira, herriko etxe guztiek konposta egin eta Aniz herri guztiak konposta egiten duen Nafarroako lehen herrietakoa litzateke.
Toki bakoitzean bi konpostagailu jarriko dira, lehena betetzen delarik egostera utzi eta bertzea betetzen jarraitu ahal izateko. Konpostagailu komunitario batek, hamazazpi familien hondakinak jasoko ditu. Lortuko den konpostarekin erabiltzaileek erabakiko dute zer egin: etxeetako lorontzietarako banatu, auzoko jardinetarako erabili...
Egitasmoan parte hartuko duten familiei organikoa ongi bereizteko gidaliburua eta hondakinen ontzia emanen zaie; halaber, konpostagailuak egonen diren tokian informazio-panelak paratuko dira. Toki bakoitzak erabiltzaileen artean hautatuko arduraduna izanen du eta bera arduraduko da ongi konpostatzen ari direna begiratzeaz. Bertzalde, etxeetako organikoak urtsuak direla kontuan hartuta, inausketetako hondarrak xehatu eta material estrukturatzaile idor gisa konpostontzietarat gehituko da. Horretarako Tasubinsarekin solastatu eta hemendik aitzinerat inausketetako hondar guztiak xehatuko dituzte. Modu horretan toki bakoitzeko konpostgunean xehatutako material idorrekin ontzi bat izanen da. Bertzalde konpostgunea non paratu erabiltzaileen artean adostuko da. Proiektua aurrera ateratzeko, bilera informatiboak egin ditu udalak Arraioz, Aniz eta Baztan Berrin eta denetara 70 herritar bildu dira. Interesa duenak, oraindik izen emateko epea zabalik dauka, urtarrilaren 15era arte.