Elizondoko Santiago Apostuluaren Elizan azken urteetan entzun den txalo zaparrada luzeena entzun zen abenduaren 8an. Pakita Eraso eta Eusebio Izetari urte luzeetan egin duten lana eskertu nahi izan zieten bizilagunek. Pakitak 97 beteko ditu urtarrilean eta organujole lanetan aritu izan da. Eusebiok berriz 85 urte ditu eta abesbatza zuzentzeko ardura hartu zuen bere gain. Javier Azpiroz apezak esker hitzak adierazi eta bizilagun batzuek amabirjinaren irudia erreproduzitutako taila eta lore sorta bana oparitu zieten omenduei. Aitzinetik, Julian Ayesa Gorrik eskainitako organo kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten. 1918an egindako organoa berritu denetik lehenengo kontzertua izan da. Kontzertistak azalpen didaktikoak piezen interpretazio ederrekin tartekatu zituen.