Baztango hamabortz herrietako alkate izateko hautagaietako batzuk aukeratu zituzten abenduaren 16an egindako batzarretan. Zazpi herritan jakina da 2013-2014 biurtekoan zein izanen den alkate, hautagai bakarra aurkeztu zelako. Bertze zortzietan igandeko hauteskundeetan aukeratuko da edo automatikoki izendatuko dituzte.
Momentuan, bi herritan bakarrik aurkeztu da hautagaitza bat baino gehiago. Arizkunen, Isabel Bidart eta Carlos Beristain izanen dira hautagaiak eta Elizondon, Anastasio Nagore eta Mikel Sobrinoren artean aukeratu beharko dute herritarrek.
Erratzun, Elbeten eta Oronozen alkate berria izanen dute, Iban Dufurrena Iñarrea, Pedro Alberro Ekioiz eta Pablo Santervás Ustarroz, hurrenez hurren. Lekarozen, Iruritan, Berroetan eta Almandozen bertze legealdi bat eginen dute Jesus Angel Gartzia Jimenezek, Pello Obregozo Istilart-ek, Kiko Gartxitorena Etxeberriak eta Luis Roldan Astizek. Azken honek hamar urte daramazki Almandozko alkate eta bertze bi eginen ditu.
Bertze sei herritan ez zen batzarrerik egin edo egin bazen, ez zen hautagairik aurkeztu eta gaur egungo alkateek ez dute garbi segituko duten edo ez. Igandeko erabakiaren esperoan, gaur egun Julian Rekalde (Amaiur), Miguel Mari Ariztia (Azpilkueta), Leoncio Irungarai (Gartzain), Xotero Etxandi (Arraioz), Pablo Zenoz (Ziga) eta Asier Maritorena (Aniz) dira herrietako alkate.