Azaroaren 30ean jokatu zen Elizondon Mariano Izeta bertso sariketaren bosgarren edizioko finala. Baraibar eta Barañainen egin ziren kanporaketen ondotik, sei bertsolari aritu ziren finalean: Aimar Karrika (Auritz), Iker Gorosterrazu (Ituren), Patxi Castillo (Bera), Egoitz Gorosterrazu (Ituren), Josu Sanjurjo (Lesaka) eta Kotte Plaza (Elizondo). Azkenean, Aimar Karrikak eraman zuen txapela.
Elizondoko Kortarixar jatetxean 80 bat lagunek segitu zuten bertatik bertara finala. Ederki afaldu ondoren, sei bertsolariek ekin zioten lanari, Gorka Urtasunen gidaritzapean. Epaile lanetan, berriz, Mikel Altzuart, Nerea Bruño eta Josu Etxanobe aritu ziren. Saio polita eta bizia izan zen, bertatarutakoek gozatu zuten sei bertsolarien jardunarekin eta azkenean epaileek Karrikak ariketa guztietan erakutsi zuen erregulartasuna eta lan ona saritu zituzten.
Bertsolari auriztarrak Mariano Izeta zenaren alabaren eskuetatik jaso zuen txapela. Izeta sariketako bosgarren irabazlea da. Haren aitzinetik, Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe eta Iñaki Alemanek irabazi dute Izeta sariketa. Iaz ezaugarri bertsuak dituen Xalto sariketa ere irabazi zuen Aimar Karrikak Goizuetan.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du Izeta sariketaren bosgarren edizioa eta zeregin horretan Baztango udalaren eta Baztango Bertso Eskolaren laguntza izan du.