Geroa Bai koalizioak, «egungo nafar politikaren errealitateari egokituz eta tokian toki garatu nahi dituen helburuei jarraiki», bere herrigunea osatu berri du Baztanen. Batzar berriak, bere garaian Nafarroa Bain oinarri izandako printzipio politikoak eta izaera anitza, soziala eta humanista bere eginen dituela jakinarazi dute, izan ere, «herrigunea osatzen dute asko bertatik baitatoz eta beste berri zenbaitek helburu hauek zinez konpartitzen dituztelako».
Baztango Herrigune honetan, talde anitza elkartu da; horien artean badira EAJko kideak, Zabaltzenekoak eta erabat independiente diren pertsonak. Denek bat egiten dute Geroa Bai koalizioaren senarekin eta proiektu politiko hau bailaran zabaltzeko ardura hartu dute, bertan lan eginez. Jakina, taldea erabat irekia dago, hortaz, interesa duen edozeinek herrigunean parte har dezake, Baztango Geroa Bairekin kontaktuan jarriz honako helbide elektroniko honetara idatzita: baztan@geroabai.com.
Baztango Geroa Bai (BGB) osatzen dutenen kezka nagusia eskualdeak hainbat alorretan bizi duen egoera larria da; «larria eta kezkagarria da oso bailaran ematen ari den langabeziaren handitze gordina eta horrek hainbat arlotan du isla, familia asko eta askoren egoera sozioekonomikoa jasangaitza baita jada». Zentzu honetan, BGBk salatu du «egun gobernu taldeak duen gehiengo instituzionala eta hura lortzeko jasotako bozka kopurua bat ez datorrela inondik ere bailaran gehiengo sozialak egiten dituen aldarrikapenekin»; Baztango Geroa Bairen aburuz, ez dira ematen ari jendarteak eskatzen dituen erantzunik.
Baztango Geroa Bain argi dute Baztanek duen potentziala eta horrek zabal ditzakeen garapen aukera interesgarriak. Berandu baino lehen aukera horiek aztertu eta garatu behar direla diote, «are gehiago ikusita inguru honetan ere inmobilismoa, aktibitate falta eta konformismoa nagusitu direla. Aurrera egiteko beharrarekin talka egiten duten ezaugarriak dira oro har; horiei aurre egin behar zaie». BGBk horretarako konpromisoa hartu du, «eskualdeko pertsona guztion ongizatea hobetzearen alde, eskualdea modu orekatu eta egokian garatzeko konpromisoan lana eginez buru belarri».