Aimar Karrikak irabazi du V.Mariano Izeta bertso sariketa

Ttipi-Ttapa 2012ko abenduaren 5a

Mariano Izeta sariketan, sei finalistak Gorka Urtasun gai jartzailearen esanak aditzen.

Eskualdeko bortz bertsolariei aurre hartu eta Aurtizko bertsolariak eraman zuen txapela

Azaroaren 30ean Elizondoko Kortarixar jatetxean jokatu zen finala. Aimar Karrika, Iker Gorosterrazu, Patxi Castillo, Egoitz Gorosterrazu, Josu Sanjurjo eta Kotte Plaza aritu ziren bertsotan. Azkenean, eskualdeko bortz bertsolariei aurre hartu eta Aurtizko Aimar Karrikak eraman zuen txapela.

Azaroaren 30ean Elizondoko Kortarixar jatetxean jokatu zen finala Mariano Izeta Bertso sariketaren finala. Sei bertsolari aritu ziren errima eta puntuekin lanean: Aimar Karrika, Iker Gorosterrazu, Patxi Castillo, Egoitz Gorosterrazu, Josu Sanjurjo eta Kotte Plaza. Azkenean, eskualdeko bortz bertsolariei aurre hartu eta Aurtizko Aimar Karrikak eraman zuen txapela.

Jatetxean 80 bat lagun elkartu ziren finala ikustera. Ederki afaldu ondotik, sei bertsolariek ekin zioten lanari, Gorka Urtasunen gidaritzapean. Epaile lanetan berriz, Mikel Altzuart, Nerea Bruño eta Josu Etxanobe aritu ziren. Saio polita eta bizia izan zen eta azkenean epaileek ariketa guztietan erakutsi zuen erregulartasuna eta lan ona nabarmendu eta Aimar Karrikari eman zioten saria.

Mariano Izeta zenaren alabak jarri zion txapela irabazleari. Izeta sariketako bosgarren irabazlea da. Haren aitzinetik, Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe eta Iñaki Alemanek irabazi dute sariketa. Iazko Xalto sariketa ere irabazi zuen Aimar Karrikak.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du Izeta sariketaren bosgarren edizioa eta Baztango Udalaren eta Baztango Bertso Eskolaren laguntza izan du zereginean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun