Lau urteko azpiegitura planaren baitako zenbait lanen adjudikazioa eman du Balleko Udalak eta laister obrak hasiko dira.
Batetik Anizko eta Berroetako hilerrietarako bideak eta Gartzaingo Bailegi bideko konponketa egiteko aukera aurkeztu zen 211.844,02 euroko aurrekontuarekin. Arakan eraikuntza enpresari esleitzea erabaki da, 194.896 eurotan eskaintzarik hoberena berea izan baita. Baztango sei enpresek izan dute aurkezteko aukera.
Bertzetik, Elizondoko ur deposituaren obrak ere esleitu dira. Honen aurrekontua 658.356,89 eurokoa zen eta Mariezkurrena eraikuntza enpresari 639.857,06 eurotan eman zaio, puntuaziorik hoberena lortzeagatik. Iturri-Ederrak proposatutako lau enpresei bidali zitzaien gonbidapena kasu honetan.
Lau urteko planetik kanpo Udalak, Elizondoko Zahar-etxean galdara berria jartzeko lanak eginen ditu. 210.968,76 euroko aurrekontua izanik, esleipenean Santiago Yanci Cenoz-i eman zaio, 198.050 euroko aurrekontuarekin hauxe izan baita eskaintzarik hoberena. Obra hau kontratazio atarian zintzilikatu zen eta zazpi enpresa aurkeztu ziren.