Enpresa Simulatuen Azokan izan dira Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleak

TTIPI-TTAPA 2012ko azaroaren 29a

Baztan Likoreak SAS enpresa simulatua kudeatzen duten BHIko goi mailako ikasleak. Utzitako argazkia

Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleak enpresa simulatuan lanean ari dira aurten ere. Denera 18 ikaslek hartu dute parte. Goi mailako administrazio eta finantzak taldeko 9 ikaslek Baztan Likoreak SAS enpresa kuadeatzen dute. Erdi mailako kudeaketa administratiboko 9 ikaslek berriz, Baztaneko SLS enpresarekin lan egin dute. Enpresa simulatuak dira, hau da, salerosketak enpresa errealek egiten dituzten baldintzetan egiten dira baina ez dago produktu mugimendurik.  Baztan Likoreak enpresaren jarduera likoreak eta txokolatea merkaturatzea da. Baztaneko SLS enpresan aldiz, promozio eta oparitzeko artikulu pertsonalizatuen salmentan aritzen dira. Espainian zabaldua dagoen enpresa simulatuen sare baten barrenean aritzen dira lanean.
Tarteka, enpresa simulatuen azokak antolatzen dituzte, enpresa hauek elkarrekin harreman zuzena izan dezaten. Azaroaren 9an ospatu zen Nafarroako Enpresa simulatuen hirugarren azoka eta  lanbide eskolakoak bertan izan ziren eta programan parte hartzen duten bertze enpresekin harremanatzeko aukera izan zuten. Produktu berrien aurkezpena, katalogoen trukaketa, negoziazioak, erosketa eta salmenta gauzatu ziren. Nafarroako ikastetxe guztiek parte hartu zuten azoka honetan eta guztira 25 enpresa simulatu elkartu ziren.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun