Kantuz eta oroitzapenez jositako eguna ospatu du Elizondok Abesbatzak

TTIPI-TTAPA 2012ko azaroaren 29a

Elizondoko Abesbatzaren 70. urteurreneko ekitaldian parte hartu zutenak. Juan Mari ONDIKOL

Azaroaren 18an lehengo, gaurko eta etorkizuneko kantariak bildu ziren

Elizondoko Abesba­tzaren historiaren parte diren guztiak elkartu nahi izan zituzten azaroaren 18an, 70. urteurreneko ospakizunean. Sorreran izan zirenak eta etorkizunean egonen direnak. Eta lortu zuten. Llangollenen (Gales) 1952an garaipena lortu zuen taldea, Juanito Erasoren arreba eta seme-alabak eta abeslari ugari izan ziren ospakizunetan. 
 
Kantuan hasi zuten eguna, abesbatza ttikiaren emanaldiarekin, eta segidan helduen abesbatzakoek pieza ede­rrak eskaini zituzten. Maitia nun zira, Zeruan eder ilargia, Lurraren pean, ¡Ay, linda amiga!, El canto a la noche eta Villa­nela alla napolitana abestiak interpretatu zituzten. Abesbatzaren historiari ere errepasoa eman zioten, argazki eta kantuen bidez. Horren ondotik, oroigarri bana eman zieten abesba­tzako partaide guztiei eta denak bazkaltzera joan ziren elkarrekin. Guztiaren gainetik, memoria martxan jartzeko eguna izan zen, 70 urteko ibilbideak aunitzerako ematen baitu.
 
ZOZKETA
 
Abesbatzari lagun­tzeko zozketa ere antolatu zuten. Bartzelonako hotel batean bi per­tsonendako bi gaueko egonaldiaren eta Liceu-ko sarreren irabazlea, 3.206 zenbakiaren jabea da. Irabazleak Abesbatzako kideengana jo beharko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun