Eraberrituta dator Mariano Izeta bertso sariketaren bosgarren edizioa

Ttipi-Ttapa 2012ko azaroaren 20a

Duela bi urte Mariano Izeta txapelketan parte hartu zuten bertsolariak.

Azaroaren 23an bi kanporaketa eginen dira eta 30ean finala jokatuko da, Elizondon

Bosgarren ediziora ailegatu da bi urtetik behin egiten den Izeta sariketa. Aurten saio bakarra egin beharrean hiru saio izanen ditu, bi kanporaketa eta ohi denez Elizondon jokatuko den finala. Azkeneko edizioetan bezalaxe, honetan ere eskualdeko bertsolariak izanen dira.

Bosgarren ediziora ailegatu da bi urtetik behin egiten den Izeta sariketa. Aurten eraberrituta dator bertso sariketa, saio bakarra egin beharrean hiru saio izanen baititu, bi kanporaketa eta ohi denez Elizondon jokatuko den finala. Bi kanporaketak azaroaren 23an izanen dira, Baraibarko ostatuan eta Barañaingo Haizea elkartean. Osotara, 17 bertsolarik kantatuko dute bi saio horietan eta sei pasako dira finalera. Kanporaketak 19:30ean hasiko dira, merendu batekin lagunduta egongo dira eta sarrera librea da.

Baraibarko ostatuan zortzi bertsolarik kantatuko dute: Oskar Sanz de Acedo (Iruñea), Iker Gorosterrazu (Ituren), Amaia Elizagoien (Mugairi), Pa­txi Castillo (Bera), Mikel Juaniz (Iruñea), Kotte Plaza (Irurita), Xabi Maia (Elizondo) eta Ioar Tainta (Lesaka).

Barañaingo Haizea elkartean, berriz, be­dera­tzi izango dira ber­tsolariak: Aimar Karrika (Auritz), Egoitz Gorosterrazu (Ituren), Iban Garro (Lesaka), Haizea Beruete (Iruñea), Josu Sanjurjo (Lesaka), Unai Uberetagoena (Iruñea), Mikel Lasarte (Barañain), Alazne Untxalo (Ituren), Ander Baiano (Barañain).

Azaroaren 30ean jokatuko da Elizondoko finala, kanporaketetatik sailkatuko diren sei bertsolariekin. Finalean ere, nobedadeak daude, oraingoan mahai bueltan egingo da, afal ostean. Elizondoko Kortarixar ostatuan jokatuko da finala. 21etan izango da afaria eta horren ostean saioa. Prezioa 17 eurokoa da eta sarrerak aitzinetik erosten ahalko dira Elizondon zein Nafarroako Bertsozale Elkartean.

Izeta sariketa 2004. urtean egin zen lehen aldiz; aurten bosgarren edizioa jokatuko da. Bost edizio hauetan, bertsolarien harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Elizondoko Jon Barberena, Iruñeko Oier Lakuntza, Gartzaingo Jon Elize­txe eta Iruritako Iñaki Aleman izan dira Izeta sariketa orain arte irabazi dutenak. Nafarroako Bertsozale Elkartea da Izeta sariketaren antolatzailea, Baztango udalaren laguntzaz. Horrez gain, Euskarabidea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa ere du ekimenak. Orain dela hiru urte sortu zen Baztango Bertso Eskolak ere laguntza eman du antolaketa lanetan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandaka­tzen diren Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Horien helburu nagusia Nafarroako ber­tsolari gazte edo hasiberriei kantatzeko aukera ematea da. Izeta sariketa antola­tzen ez den urteetan, Xalto sariketa jokatzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun