Abesbatzaren historiaren parte diren guztiak elkartu nahi izan zituzten. Sorreran izan zirenak eta etorkizunean egonen direnak. Eta lortu zuten. Llangollenen 1952an garaipena lortu zuen taldea, Juanito Erasoren arreba eta seme-alabak eta abeslari ugari izan ziren ospakizunetan.
Kantuan hasi zuten eguna, abesbatza ttikiaren emanaldiarekin, eta jarraian helduen abesbatzakoek pieza ederrak eskaini zituzten. Maitia nun zira, Zeruan eder ilargia, Lurraren pean, ¡Ay, linda amiga!, El canto a la noche eta Villanela alla napolitana abestiak interpretatu zituzten. Abesbatzaren historiari ere errepasoa eman zioten, argazki eta kantuen bidez. Horren ondotik, oroigarri bana eman zieten abesbatzako partaide guztiei eta denak bazkaltzera joan ziren elkarrekin. Guztiaren gainetik, memoria martxan jartzeko eguna izan zen, 70 urteko ibilbideak askorako ematen baitu.
Zozketa
Abesbatzari laguntzeko zozketa ere antolatu zuten. Bartzelonako hotel batean bi pertsonendako bi gaueko egonaldiaren eta Liceu-ko sarreren irabazlea, 3206 zenbakiaren jabea da.