Euskal Herri osoan bezala, Baztanen ere, Sortu alderdia, ezker abertzalaren erreferente politiko berria sortzeko prozesua abian da. Lehen eztabaida saioa, heldu den azaroaren 17an eginen da, alderdi politikoaren oinarri ideologikoen inguruan hain zuzen. Hitzordua Arizkunenea kultur etxean izanen da goizeko 10:00etan.
Jendearen parte hartzea sustatu nahi dute eta horretarako lehendabiziko eztabaidaren ondotik, bertze batzuk ere eginen dituzte. Abenduaren 15ean ildo politikoari buruzko eztabaida eginen da, urtarrilaren 26an antolaketa eta funtzionamenduarena eta, akitzeko, otsailaren 9an, barne hauteskundeak.
Prozesuaren lehen zatia, otsailaren 23an akitu da, orduan eginen baita I. Kongresua eta Sorturen sorrera ekitaldia. Eztabaidak egin ahal izateko oinarrizko materialarekin liburuxkak atera dira, Baztanen dagoeneko banaketa hasi dute eta, denera, 200 liburuxka inguru banatuko dira. Nolanahi ere eztabaidetarako liburuxkak www.sortu.net gunean euskarri digitalean jende guztiarendako eskuragarri daude. Eztabaida hauetan jendeen parte hartzea sustatzeko metodologia parte hartzaile eta berritzaileak erabiliko dira, hortaz, arlo aunitzetan berrikuntzak sumatuko direla diote antolatzaileek.