70 urtez kantuan gozatuz belarriak goxatuz

Eneritz IRAOLA 2012ko aza. 13a, 17:52

50. hamarkadako Elizondoko abesbatzako taldekideak, Juan Eraso zuzendariarekin. Abesbatzaren Artxiboa

Juanito Eraso eta hildako beste taldekideak gogoan izanen dituzte eta garai bateko Elizondoko ­abesbatzak eta egungoak elkarrekin kontzertua eskainiko dute

Iraganak, orainak eta etorkizunak bat eginen dute azaroaren 18ko ekitaldietan. Abesbatzaren ibilbidea biltzen duen argazki erakusketa, omenaldiak eta bazkaria antolatu dituzte. Kontzertua ere eskainiko dute; kantuan ospatuko dute, kantu batekin hasi zena.

 

1942an eman zituen lehenengo pausoak Elizondoko abesbatzak. Juan Erasok lehenengo hazia erein zuenetik 70 urte pasa dira dagoeneko. 1951n egin zuen abesbatzak lehenengo bidaia luzea. Xentimorik ez poltsikoetan, bidean kontzertuak eman zituzten bidaia ordaindu ahal izateko. Nazioarteko lehiaketa batean parte hartzen zuten lehenengo aldia zen eta abesbatza ospetsuak entzuteko aukera bikaina zen hura. Ez ziren esku hutsik itzuli. Lango­lleneko (Gales) sariketan hirugarren postua lortu zuten eta Man­ches­te­rreko abesbatza famatuarekin puntuetan berdindu zuten.

Etxera itzuli orduko Galesera eginen zuten hurrengo bidaia presta­tzen hasi ziren. Entsegu ugariren ondotik ahotsek heldutasuna lortu zuten, interpretazioa hobetuz joan ziren eta talde izaera hartu zuten.1952 urteari ilusioz heldu zioten. Galesko sariketara itzuli eta postua hobetzea obsesio bihurtu zen. Urtebete lehenago egondako eszenatokira igo ziren.  Urduritasuna airean. ‘Tenebrae factae sunt’, ‘Con­traponto bestiale’ eta ‘Cetro Efimero’ obrak interpretatu zituzten. Sari banaketa iristean ezustea. 277 puntu eskuratuta Elizondoko abesbatza izan zen irabazlea. Negar malkoak, barre urduriak eta oihuak nahasi ziren. Sona handiko abesba­tzei aurre hartu zieten. Ame­tsa egia bilakatu zen. 

Lehiaketa irabazi izanak ate aunitz zabaldu zizkion abesbatzari. Nazioartean bidaia ugari egin zituzten: Austria, Alemania, Frantzia, Italia eta Ingalaterran izan ziren.

Innsbrucken ere a­rrakasta itzela lortu zuten. 1953an Erromako Nazioarteko Ahozko Polifonia Klasikoko lehiaketan parte hartu zuen Europatik eta Ameriketatik joandako taldeekin eta lehenengo saria eskuratu zuten Musika Madrigalista sailean eta bigarrena koro mistoen atalean. Charleroin Arte Ederretako museoan  ere abestu zuten. 70. hamarkadari amaiera bertze garaipen batekin eman zioten.  1978ko Tolosako Abesbatza lehiaketako Ahozko Polifonia klasikoko sailean lehenengo saria eskuratu bai­tzuten.

80. HAMARKADA

Abesbatzak Hegoa­frikaraino bidaiatu zuen, Roodeporteko lehiaketan parte hartzeko 1981ean eta 1983an. Bertako abesbatzak harrituta geratu ziren, 35 kideko taldeak hirurogei abeslariko talde batek baino ozenago abesten zuela ikustean. Abeslarien ahoetan mi­krofonoak ote zeuden begiratzen aritu zenik ere izan zen. Hegoafrikako Jaialdiaren lehenengo edizioan, Polifonia Sakroko lehenengo saria eskuratu zuten.

ERASO HIL ONDOTIK

2002an Juanito Eraso hil zen eta umezurtz geratu zen abesbatza. Une zailak izan ziren eta zalantzan egon zen abesbatzaren etorkizuna. Baina Erasok bere azken urteetan erabakia zuen nork segiko zuen bere lanarekin. Isabel Lacarri eman zion bere lekukoa. Erantzukizun handia zuen lekukoa. Bi urteko isiltasunaren ondoren, 2004an abeslari talde ttiki batek aitzinera egitea erabaki zuen. Ekainaren 4an Elizondon eskaini zuten kontzertua Isabel Lacarren zuzendaritzapean. Zuzendari aldaketarekin, berri­tze lan gogorrari ekin zioten. Geroztik indartzen joan da eta bozpasei laguneko taldea izatetik 30ekoa izatera pasatu da. Duela urte ba­tzuk Elizondoko abesbatza ttikia ere sortu zuten. Haur eta gaztetxoen artean ere kanturako afizioa sortzeko asmoz.  Azken aldiko proiektuen artean, Baztan filman parte hartu dute. Angel Illarramendik sortutako soinu bandako bi abes­ti interpretatuz.

Bizipen ugari bildu ditu abesbatzak memoriaren kutxan. 70 urte beteta, etorkizun luzea dute aurretik. Lanean segiko dute, Juanitok sortutako abesti goxoaren oihartzuna isildu ez dadin.

JUAN ERASO: BERE HERIOTZAREN HAMARGARREN URTEURRENA

Ametsa errealitate bihurtu zuen zuzendaria

 

«Partitura ez da irakurri behar, abestu egin behar da» zion Juanito Erasok. Txikitatik antzeman zitzaizkion musikarako dohaiak. 1914an Areson jaioa, Ge­rrate Zibilarekin batera ekin zion bere karrerari. 1942an Elizondoko korala sortu zuen eta hamar urte beranduago, Langolleneko Abesbatza Lehiaketa ospetsuan lehendabiziko saria eskuratu zuten, Folklorean eta Polifonian lehenengo postuak lortuz. 

Nazioartean ospe eta arrakasta handia lortu zuten. Izaera handiko gizona zen, musikarekin gozatzen zuena eta bere zaletasun hori ingurukoei zabal­tzeko ahalegina ere egiten zuena. «Belarri txarreko jende aunitz izan dut baina oso burugogorra naizenez ia gehienei erakutsi diet abesten. Genio txa­rrekoa naizela diote baina era berean pazientzia handia daukat» aipatzen zuen 2001eko maia­tzean Ttipi-Ttapari eskainitako elkarrizketan.

Elizondoko herritarrekin ha­rreman estua izan zuen. Klase partikularrak eman zituen, dohainik, bere ustez ezagutza elkarbanatu beharra zegoelako, sarritan entzun omen zioten erraten «dakienak erakutsi dezala: balio duenak ikasi dezala eta duenak, ordaindu dezala».

1983an Elizondoko Ohorezko Seme izendatu zuten eta 1992an, zuzendari gisara 60 urte bete zituenean Baztango adopziozko seme izendatu zuten.

2002ko abenduaren 21ean hil zen, Angelun, 88 urterekin. 

ISABEL LACAR, ELIZONDOKO ABESBATZAKO ZUZENDARIA
 
­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­­«Errepertorio indartsu bat egin eta lanean jarraitu behar dugu»
 
Zein da abesbatzaren egungo egoera?
30-35 pertsonako taldea gara eta Giltzarri abesbatzako kideekin batera ere abesten dugu, ahotsak konpentsatzeko. Duela zortzi urte in­guru hasi nintzen zuzendari lanetan eta gauza asko aldatu behar izan dira. Jende berria hartu dugu, aurre­tik zegoen jendea erretiratu egin delako. Orain etorri nahi duten guztiei ateak zabaldu dizkiegu. Maila mantendu nahi dugu eta lanean ari gara.
 
70 urte, erraz erraten da...
Bai, baina ez da hain erraza lortzea, urte aunitz dira. Nafarroan abesba­tza gutti iritsiko ziren 70.urteurrena ospatzera. Abesten dutenak afizionatuak dira, plazer hutsez abes­ten dute. Jendea lanetik irten ondotik etortzen da entseguetara. Meritu handia dute, astero etortzeko konpromezua hartuta dutelako eta ez dutelako hutsik egiten. Etortzen direnei eskertu egin behar zaie. 
 
Urteurrena ospatzeko zer antolatu duzue?
Azaroaren 18an, hildakoei eskainitako meza bat eginen dugu, urte guzti hauen ondotik aunitz direlako dagoeneko gure artean ez dauden taldekideak. Bertzalde kontzertu bat ere antolatu dugu. Gaur egungo abesbatzak eta garai batekoak batera abestuko dute. Ederra izanen da lehengo ahotsak eta oraingoak batera entzutea. Elizondoko abesbatza ttikiak ere abestuko du. Ho­rretaz gain, eskertzak, Erasori omenaldia eta bazkari bat ere eginen dugu. Egun eder bat ospatzea da gure nahia. Argazki erakusketa bat ere jarriko dugu Arizkunenean eta bi astez, azken 70 urteetako argazkiak egonen dira ikusgai bertan. Argazki ugari ditugu eta horregatik aukeraketa bat egin behar izan dugu. Abesbatzaren ibilbidea argazkien bidez ikusteko modua izanen da. 
 
Juanito Eraso hil zela hamar urte ere orain beteko dira...
Bai. Ezin liteke abesbatzari buruz hitz egin Juanito Eraso aipatu gabe. Bera izan zen abesbatzaren sortzailea, jendea erakarri zuena eta hemengo jendearen artean abesteko afizioa sortu zuena ere bai. Familia moduko bat sortu zuten. Asko maite zuten eta asko maite dute oraindik. Lan bikaina egin zuen  eta nazioarteko lehiaketak ere irabazi zituzten. Beste garai bat, bes-te egoera bat bizi zuten, zailatasun handiak izan zituzten baina abesbatza indartsu bat lortu zuten.
 
Nola ikusten duzu abesbatzaren etorkizuna?
Ongi doa, zaila izaten da jendea lor­tzea baina kideei dagokienez kopuru polita dugu orain. Errepertorio indartsu bat egin eta lanean jarraitu behar dugu. Eta gerora haurrak direnez etorkizuna, abesbatza ttikiak indarra hartzea komeni zaigu, urteek aitzinera egindakoan abesteko afizio handia izan eta haurrak helduen korura etorri daitezen. Horrela ez genuke itsu-itsuan jendearen bila ibili beharko.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun