Lekarozko ikastetxeko ikasleen greba arrakastatsua izan zen urriaren 16an. 50 gazte inguru bildu ziren Nafarroako gobernuak hartutako erabakien kontra daudela azaltzeko. Hezkuntza arloan izandako murrizketek eta diru-laguntza eskasiek, ikasleen etorkizunean eragiten dutela argi daukate. Haien desadostasuna plazaratzeko, pankarta lehiaketa bat antolatu zuten; taldeetan banatu eta buruari eragin eta gero, esaldi mamitsuak idatzi zituzten. Etorkizuna zuen esku? aski da! eta Murrizketak bai, baina politikan gisako leloekin bete zuten Elizondoko herria. Horren ondoren, trikitixa eta pandero soinuekin Elizondoko plazara hurbildu ziren eta bertan, gaur egungo egoeraren hitzak erabiliz, imintzio jokuan aritu ziren. Akitzeko, orri txurietan, bakoitzak, krisi egoerari buruz pentsatzen duena adierazi zuen eta horiek, Elizondoko ixkin guztietan itsatsi zituzten.