Agozpeko zentrala arautegira egokitzeko inbertsioak egin ditu Udalak

TTIPI-TTAPA 2012ko urriaren 31

Iaz 892.149 kw produzitu zituen eta 78.000 euro jaso zituen herriak

Agozpeko zentral hidrolektrikoa Balleko udalaren jabegokoa da eta, ondare publikoa mantentzeko eta hobe­tzeko, arautegirat moldatzeko inbertsio desberdinak egin ditu. Alde batetik, Kantauri Isurialdeko Konfederazioaren eskariari erantzunez, errekaren emari ekologikoa bermatzeko sistema paratu eta zentralaren gaineko aldean dagoen presa erregis­tratu eta arriskuaren arabera klasifikatuko da; lan hauek denera 6.600 euroko aurrekontua izanen dute. Modu berean, errekaren emaria neurtzeko kaudalime­troa paratu da eta ho­rrek 3.960 euroko kostua izan du. Inbertsio horien helburua, erran bezala, zentrala arautegirat moldatzea izan da. Gainerakoan eta ohiko mantentze lanei dagokionez presa hostoz garbitu da eta ubidearen ingurua desbrozatu da.

Agozpeko zentral hidroelektrikoak iaz 892.149 kw. produzitu zituen eta ekoiztutako kopuruarekin udaletxeak 78.000 euro jaso zituen. Ekoizten den elektrizitatea Iberdrolari saltzen zaio eta zentralaren ekoizpenaren eta merkatuko prezioen arabera, udalak jasotzen duen ordainean aldaketak izan daitezke.

Bertzalde, aipaga­rria da abuztuaren 14tik urri­aren 15erat ur-eskasiagatik zentrala geldirik egon dela; halako gel­dialdiak arruntak izaten dira eta errekaren emariaren arabera luzeagoak edo motzagoak izan daitezke. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun