Baztango Garapenerako Elkartea aurkeztu dute

TTIPI-TTAPA 2012ko urriaren 31

Urriaren 22an egin zuten aurkezpena Elizondoko Arizkunenean. Juan Mari ONDIKOL

Zortzi herritako 175 pertsona biltzen ditu oraingoz, baina ateak zabalik ditu

Baztango Garapenerako Elkartea aurkeztu zuten urriaren 22an Elizondoko Arizkunenea jauregian. Elkarte hau herritar ekimen bat da, alderdi sozial desberdinetako baztandarrek (enpresari txikiak, autonomoak, erretiratuak, ikasleak, langabeak, etxeko andreak...) bul­tzatua. Baztango herri ezberdinetako pertsonak dira ekimen hau ai­tzinera eraman dutenak, egoera sozio-ekonomiko txarragatik eta lan­gabezi-tasa altuagatik, kezkatuta daudelako.  
 
Elizondoko ekitaldi publikoan, José Javier Agirre Elkartearen lehendakaria eta Maite Sánchez Ruiz, idazkari-bozeramailea aritu dira. Ekitaldian ere, zuzendaritza kontseiluko hainbat kide izan dira eta elkarteko hainbat bazkide, tartean Ramon Sobrino, Alejandro Martin, Carmelo Berro, Arantza Agire, Ander Mariezkurrena eta Saulo Ruben Santerbás. Guztien nahia, egoera zail honetan irtenbideak bilatzea eta benetako garapen eta aktibazioa lortzea da. 
 
José Javier Aguirrek eta Maite Sánchezek Baztango Garapenerako Elkartea sortzeko eman dituzten pausuak azaldu zituzten. Elkartearen estatutuek dioten moduan, Baztanen sor­tzen diren ekimen eta proiektuak bultzatu, defendatu eta lagunduko dira. Izan ere,  kanpotik datorren edozein proiek­­turen alde lan eginen da, Baztango biztanleriari garapen ekonomiko eta soziala ematen badio. Gainera, proiektu guztiek baldintza legalak eta arautegi laboralak bete behar dituzte, hala nola, ingurugiroa zaindu ere.
 
Asmo hauek guztiak bultzatzeko Elkarte apolitikoa eta askotarikoa sortu da, kezka hauek dituzten balleko pertsona guztiei irekia
Abuztuaren 20an, bazkide talde batek proiektua eta honen helburuak aurkeztu zizkioten udal ordezkari ba­tzuei. Hurrengo asteetan balleko herri ezberdinetan eginen diren bileretan segituko dute proiektuaren aurkezpenarekin.  Gaur egun, 8 herritako 175 pertsona bildu dira ekimen honetan. Elkartearen asmoa kopuru hau handitzea da, Baztango herri guztietako bizilagunekin.
 
Elkartearen parte izateko Baztanen bizi, lan edo erroldatua egotea beharrezkoa da. Elkartearekin bat datozen eta bizilagunei aberastasuna eta lanpostuak emanen dizkien proiektu enpresarial guztien alde agertu eta defenda­tzeko konpromisoa hartzea derrigorrezkoa da ere. 
 
Baztango Garapenerako Elkartea ezagutzeko lanek aitzinera segituko dute eta bertze ekintza batzuk ere eginen dira, hala nola aldian behingo bilera informatiboak, argitalpenak hedabideetan, Baztango eta Nafarroako erakundeekin solasaldiak eta Baztango bertze elkarteekin lankidetzak. 
 
Informazio gehiago eskuratzeko, elkartearen webgunea bisitatu dezakezue: www.desarrollobaztan.es
 
ESALDIA
«Hemen izan zezaketen lan baten bila kanpora gan behar duten gazteak ikustea ematen dit min gehien; bere lan bizitzaren hoberenean langabezian eta lanerako aukerarik gabe»

José Javier AGIRRE
Elkarteko presidentea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun