Floren Nazabal izan zen Elizondoko kanporaketako lehenengo sailkatua. Egindako denbora onaren ondotik, Euskal Herriko aizkorako I.mailako txapela eskuratzeko faboritotzat jotzen dute askok. 15:13 minutu behar izan zituen lanak amaitzeko eta honela, Santiago Arrospidek 1986an ezarritako marka hobetu zuen. Nazabalekin batera, Azurmendi, Atutxa, Otaegi, Otaño eta Olasagasti izanen dira azaroaren 18an, Arbizun jokatuko den finalean. Elizondoko kanporaketako eskualdeko ordezkari bakarrak, Jon Rekondok, zazpigarren egin zuen eta finalaren atarian geratu zen. Rekondok lan erdietan minutu bateko aldea ateratzen zion seigarren sailkatuari, baina, azkenean lanak amaitzeko minutu erdi gehiago behar izan zuenez finaletik kanpo geratu zen leitzarra.
Finalerako sei txartelak eskuratzeko lehia hiru txandatan jokatu zen. Txanda bakoitzean lau aizkolari nor baino nor. Sei enbor moztu behar izan zituzten, bi kanaerdiko, bi 60ko eta bi oinbiko. Nazabalen nagusitasuna erabatekoa izan zen, 02:20 minutuko aldea atera zion Atutxa, bigarren sailkatuari. Bigarren txandan Azurmendik, hirugarren egin zuen eta Atutxa eta Otaegiren arteko lehia bizia ikusteko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Hirugarren txandan jokatu zuen Rekondok eta Otañok aurre hartu zion.
Aizkolari guztiek iazko denborak hobetu dituzte. Kanporaketan moztu beharreko pago-enborren kalitateak aizkolariek egindako denbora onetan eragina eduki izana litekeena dela adierazi dute. Nazabalek esate baterako, 3 minutu eta 43 segundoan hobetu du iazko denbora. Azaroaren 18an, Arbizun, jakinen da nor izanen den Euskal Herriko I.mailako aizkora txapelketako txapeldun berria.