Baztango Udalak Agozpeko zentral hidroelektrikoa egokitzeko inbertsioak egin ditu

Ttipi-Ttapa 2012ko urr. 24a, 14:29

Egungo arautegira moldatzeko lanek 10.060 euroko gastua izanen dute

Errekaren emari ekologikoa bermatzeko sistema paratu eta zentralaren gaineko aldean dagoen presa erregistratu eta arriskuaren arabera klasifikatuko da. Errekaren emaria neurtzeko kaudalimetroa ere paratu da.

Agozpeko zentral hidrolektrikoa Baztango udalaren jabegokoa denez, hau mantentzeko eta hobetzeko inbertsioak egin dituzte. Indarrean dagoen arautegira egokitzeko lanak izan dira. Alde batetik, errekaren emari ekologikoa bermatzeko sistema paratu eta zentralaren gaineko aldean dagoen presa erregistratu eta arriskuaren arabera klasifikatuko da. Lan hauek denera 6.600 euroko aurrekontua izanen dute. Kantauri Isurialdeko Konfederazioaren eskariari erantzunez egin da proiektua da. Modu berean, errekaren emaria neurtzeko kaudalimetroa paratu da eta horrek 3.960 euroko kostua izan du. Gainerakoan eta ohiko mantentze lanei dagokienez presa hostoz garbitu eta ubidearen ingurua desbrozatu da.

Agozpeko zentral hidroelektrikoak 2011. urtean 892.149 kw. produzitu zituen eta ekoiztutako kopuruarekin udaletxeak 78.000 euro jaso zituen. Ekoizten den elektrizitatea Iberdrolari saltzen zaio eta zentralaren ekoizpenaren eta merkatuko prezioen arabera, udalak jasotzen duen ordainean aldaketak izan daitezke. Bertzalde aipatu, aurten abuztuaren 14tik urriaren 15era ur-eskasiagatik zentrala geldirik egon dela; halako geldialdiak urtetik urtera arruntak izaten dira eta errekaren emariaren arabera luzeagoak edo motzagoak izan daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun