Udazkena iristearekin batera, iritsi da Elizondoko ferien txanda. Azken urteetako joerari eutsiz azienda ugari espero dituzte Merkatuko Plazan ortziralean. Ganadu zaleek eta abeltzainek behorrak, zaldiak, behiak, euskal zerriak, astoak, ardiak eta bertze zenbait azienda ikusteko aukera izanen dute. Laxoa plazan berriz, makineria erakusketa eginen da. Bertso doinurik ere izanen da, Julio Soto eta Jon Elizetxe ariko baitira bertsotan eguerditik aitzinera. Arratsaldeko 17:00etatik aldera, esku pilota nahiz erremonte pilota partidak ikusteko modua izanen da pilotalekuan, bietan ere Baztango pilotarien protagonismoarekin. Eskuz, Mikel Goñi oronoztarra eta Xabi Arraztoa iruritarra, Chafee eta Goñi III.aren kontra aritzekoak dira. Erremontean, Gorka Urtasun iruritarra eta Julen San Migel doneztebarra kantxan izanen dira. Bai ortziralean, baita larunbatean ere, egun osoan merkatua izanen da Elizondoko karriketan barna. Larunbatean atsoferia izenez ezagutzen den merkatua izanen da. Hain zuzen, postuen salmenta izaten da herriaren urteko diru-sarrera garrantzitsuenetako bat.
Gaztetxeraino ere iritsiko da ferietako giroa ortziralean. Gazte Asanbladak ere beren egitaraua antolatu dute. Goizeko 10etatik aurrera gaztetxearen ateak irekita egonen dira eta bertan banatzaile alternatiboen azoka eginen da: aldizkariak, liburuak, diskak, kamisetak... jarriko dituzte eskuragai. Gaueko 21:00etan afaria izanen da, sei euroko kostua izanen du eta bertara joan nahi duenak gaztetxean eman beharko du izena. Gaueko 23:00etan Ufestuek eta Atrintxerados taldeek kontzertua eskainiko dute.
Aurten lehenengoz igandean ere ekitaldiak izanen dira. Euskal Herriko aizkolari txapelketako kanporaketa jokatuko baita igande eguerdian. Urriaren 28an, iguerdiko 12:30ean jokatuko da norgehiagoka Baztan pilotalekuan. Hamabi aizkolari ariko dira lehian: Aitzol Atutxa (Bizkaia), Iñaki Azurmendi (Gipuzkoa), Joseba Otaegi (Gipuzkoa), Jesus Mª Mujika (Gipuzkoa), Luis Txapartegi (Gipuzkoa), Jose Mª Olasagasti (Gipuzkoa), Floren Nazabal (Nafarroa), Juan Jose Lopez (Nafarroa), Antonio Senosiain (Nafarroa), Aitor Senosiain (Nafarroa), Unai Otaño (Gipuzkoa) eta Jon Rekondo (Nafarroa). Aizkolari bakoitzak sei enbor moztu beharko ditu, bi kanaerdiko, bi 6 ontzako eta bi oinbiko, finalean izanen duten lanaren erdia hain zuzen. Lehen sei sailkatuek lortuko dite azaroaren 18an Arbizuko kiroldegian jokatuko den finalerako txartela. Azken bi sailkatuek berriz, maila galduko dute.