Aterkiak soinean jende aunitz izan da Elizondoko ferietan

Ttipi-Ttapa 2012ko urriaren 29a

Merkatuko plazan ganaduzale eta abeltzainak azienda ugariren bueltan. Juan Mari Ondikol

Euria ez zen oztopoa izan eta kalitatezko azienda eta postuetan denetarik erosteko aukera izan zuten bertaratutakoek

Euria goiti-beheiti, baina, jendeak ez zion hutsik egin urteroko zitari. Jendetza hurbildu zen asteburuan Elizondoko ferietara.  Merkatuko plazak itxura ederra hartu zuen ortziralean azienda aunitz bildu baitziren: ardiak, behiak, behorrak, zaldiak... Foruen Plaza, Jaime Urrutia, Axular eta Giltxaur­di karrikak, berriz, bertzelako aukerekin bete ziren eta jendearen erantzuna arras­ ona izan zen.

Euria goiti-beheiti, baina, jendeak ez zion hutsik egin urteroko zitari. Baztandarrak edo kanpotik etorritakoak, jendetza hurbildu zen ortziralean Elizondoko ferietara.  Urtero bezala, Merkatuko plazan ganaduzale eta abeltzainak azienda ugariren bueltan. Espezie guztietako azienda aunitz bildu ziren: arraza piriniarreko behiak, ardi latxak.... eta inoiz baino zaldi gehiago ekarri zituzten 150 buru, gehienak Burguete arrazakoak eta 40 pony inguru. Jende ugariren arreta erakarri zuten Azpilikuetako Fermin Barazabalek eramandako bi behik: bata 1.020 kilokoa eta bertzea 920 kilokoa. Abeltzainek beraien egoerari buruz ere solastu zuten eta une zailak bizi dituztela aipatu «azienden prezioak arras baxuak dira eta pentsu eta erregaien prezioak arras altuak direnez, ez dugu ezertarako margenik». 

Merkatuko plazatik haratago ere bazen zer ikusi eta zer erosia. Foruen Plaza, Jaime Urrutia, Axular eta Giltxaur­di karriketan postu ugari jarri zituzten eta erantzuna arras ona izan zen. Urtero bezalaxe, dagoeneko ferietako klasiko bihurtu diren produktuek izan zuten arrakasta gehien. Baratxuriak, gaztainak, turroia, aterkiak eta euritako arropak izan ziren gehien saldu zirenak. Baztan ikastolako gaztetxoek ere ikasbidairako dirua lortzeko pottoka baten zozketa egin zuten. Zenbaki sariduna 1332a izan zen eta ordezko bezala 1163a, zenbakiaren jabeak hamabortz eguneko epea izanen du saria eskuratzeko. Iluntzean berriz, euri jasa izugarriak bota zituen arren, jendeak bestarako gogoa zuela argi geratu zen, ordu ttikiak arte luzatu baitzen besta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun