Euskal Herriko maila nagusiko aizkora txapelketako azken kanporaketa igande honetan, urriak 28, izanen da Elizondon. Eguerdiko 12:30etik aurrera hamabi aizkolari ariko dira nor baino nor Elizondoko Baztan frontoian. Lehen sei sailkatuek azaroaren 28an Arbizun jokatuko den finalean aritzeko txartela eskuratuko dute. Azken bi sailkatuek berriz, maila galduko dute. Jon Rekondo Leitzarra izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Berarekin lehian arituko dira: Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia), Iñaki Azurmendi (Arriaran, Gipuzkoa), Joseba Otaegi (Zizurkil, Gipuzkoa), Jesus Mari Mujika (Ibarra, Gipuzkoa), Luis Txapartegi (Zestoa, Gipuzkoa), Jose Mari Olasagasti (Igeldo, Gipuzkoa), Floren Nazabal (Etxarri Aranatz, Nafarroa), Juan Jose Lopez (Lezaun, Nafarroa), Antonio Senosiain (Olague, Nafarroa), Aitor Senosiain (Olague, Nafarroa) eta Unai Otaño (Ibarra, Gipuzkoa). Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu. Norgehiagoka zuzenean ikusteko 10 euro ordaindu beharko dira.