Baztango Garapenerako Elkartea aurkeztu zuten urriaren 22an Elizondoko Arizkunenea jauregian. Elkarte hau herritar ekimen bat da, alderdi sozial desberdinetako baztandarrek (enpresari txikiak, autonomoak, erretiratuak, ikasleak, langabeak, etxekoandreak...) bultzatua. Baztango herri ezberdinetako pertsonak dira ekimen hau aitzinera eraman dutenak, egoera sozio-ekonomiko txarragatik eta langabezi-tasa altuagatik, kezkatuta daudelako.
Elizondoko ekitaldi publikoan, José Javier Aguirre Elkartearen lehendakaria eta Maite Sánchez Ruiz, idazkari-bozeramailea aritu dira. Ekitaldian ere, zuzendaritza kontseiluko hainbat kide izan dira eta elkarteko hainbat bazkide, tartean Ramon Sobrino, Alejandro Martin, Carmelo Berro, Arantza Agirre, Ander Mariezkurrena eta Saulo Ruben Santerbás. Guztien nahia, egoera zail honetan irtenbideak bilatzea eta benetako garapen eta aktibazioa lortzea da.
José Javier Aguirrek eta Maite Sánchezek Baztango Garapenerako Elkartea sortzeko eman dituzten pausuak azaldu zituzten. Elkartearen estatutuek dioten moduan, Baztanen sortzen diren ekimen eta proiektuak bultzatu, defendatu eta lagunduko dira. Izan ere, kanpotik datorren edozein proiekturen alde lan eginen da, Baztango biztanleriari garapen ekonomiko eta soziala ematen badio. Gainera, proiektu guztiek baldintza legalak eta arautegi laboralak bete behar dituzte, hala nola, ingurugiroa zaindu ere.
Asmo hauek guztiak bultzatzeko Elkarte apolitikoa eta askotarikoa sortu da, kezka hauek dituzten balleko pertsona guztiei irekia.
Abuztuaren 20an, bazkide talde batek proiektua eta honen helburuak aurkeztu zizkioten udal ordezkari batzuei. Hurrengo asteetan balleko herri ezberdinetan eginen diren bileretan segituko dute proiektuaren aurkezpenarekin. Gaur egun, 8 herritako 175 pertsona bildu dira ekimen honetan. Elkartearen asmoa kopuru hau handitzea da, Baztango herri guztietako bizilagunekin.
Elkartearen parte izateko Baztanen bizi, lan edo erroldatua egotea beharrezkoa da. Elkartearekin bat datozen eta bizilagunei aberastasuna eta lanpostuak emanen dizkien proiektu enpresarial guztin alde agertu eta defendatzeko konpromezua hartzea derrigorrezkoa da ere.
Baztango Garapenerako Elkartea ezagutzeko lanek aitzinera segituko dute eta bertze ekintza batzuk ere eginen dira, hala nola aldian behingo bilera informatiboak, argitalpenak hedabideetan, Baztango eta Nafarroako erakundeekin solasaldiak eta Baztango bertze elkarteekin lankidetzak.
Informazio gehiago eskuratzeko, elkartearen webgunea bisitatu dezakezue: www.desarrollobaztan.es